Baztanek eskuratu zuen asteburuan eskualdeko futbol taldeen arteko garaipen bakarra

2024/12/04
Beti Gazteko bi taldeek galdu egin zuten, baita Doneztebek ere, eta Gure Txokoak hutsera berdindu zuen. Hala ere, doneztebarrek Nafarroako Kopako hurrengo fasera pasatzea lortu zuten atzo. Final hamaseirenetako azken jardunaldian porrota jaso bazuten ere, Multzoko bigarren sailkatuak izanda, final zortzirenetan sartu da taldea.
Baztanek eskuratu zuen asteburuan eskualdeko futbol taldeen arteko garaipen bakarra

Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 2-1 galdu zuten pasa den igandean Irauli Bosteko taldearen kontra. Partidua ez zen ongi hasi lesakarrentzat, baina 0-1eko markagailuarekin atsedenaldira joatea lortu zuten. Bigarren zatian, tarte hau handitzera atera ziren zelaira, aurkaria ez baitzen arriskurik sortzen ari. Hala ere, korner baten bidez, emaitza berdintzea lortu zuten Irauli Bostekoko jokalariek, baita markagailua iraultzea eta 2-1ekoa ezartea. Pena izan zen hiru puntuak han uztea, baina lanean segitu behar dutela argi dute Beti Gaztekoek, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak erran bezala. 

Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek ere markagailu berarekin galdu zuten Real Union Rocaren kontra. 2-1eko emaitzarekin, puntuak talde txuribeltzarentzat izan ziren. Neurketa hasi eta berehala hartu zuen aitzina markagailuan talde irundarrak. Hala ere, Beti Gaztek segidan erantzun eta emaitza berdintzea lortu zuen Jon Zabalaren bitartez. Bi taldeak saiatu ziren emaitza euren alde jartzen eta Real Unionek lortu zuen hori, bigarren gol batekin. Bigarren zatian, erritmo altua jarri zuten bi taldeek eta lesakarrek ere arriskua sortu zuten azken minutuetan, tentsioa sortuz talde irundarrean. Hala ere, ezin izan zuten gol gehiagorik sartu eta penaz, puntuak Galen utzi behar izan zituzten. Javier Escagües entrenatzaileak egin du partiduaren balorazioa. 

Erregional mailako Gure Txokoak hutsera berdindu zuen Beti Onaren kontra. Garaipenik ez, baina puntu bat atera zuen azken jardunalditik beraz, ez zen emaitza kaskarra izan. Beratarrek oraindik ere sailkapeneko bigarren postuan daude kokaturik, Behobia liderrarekin hiru puntuko aldea dutela. Asteburu honetan, atsedenaldia izanen dute, baina heldu denean, abenduaren 15eko asteburuan, San Marcial bisitatuko du Gure Txokoak. 

Nafarroako Ligan, Lehen maila autonomikoko Baztanek Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean garaipena eskuratu zuen bakarra izan zen. Baztandarrek 2-1 garaitu zuten Giltxaurdin Burlades B taldea. Eloi Axel Singa Bassek sartu zituen etxeko taldearen bi golak. Lehen zatian, 1-0ekoa ezarri zuen, eta bigarren zatiaren hasieran iritsi zen bigarren gola. Honen ondotik, aurkariak ere baloia sarera bidali zuen eta pixka bat hurbildu zen markagailuan, 2-1ekoa ezarriz, baina ez zen nahiko izan garaipena eskuratzeko. Hiru puntuak Giltxaurdin gelditu ziren eta taldea gogotsu dago honi segida emateko hurrengo igandean, abenduaren 8an, Erriberrin, bertako taldearen kontra, arratsaldeko 16:30ean. Sergio Oscoz prestatzaileak egin du garaipen honen balorazioa. 

Preferente mailako Doneztebek azkenik, hiruna berdindu zuen pasa den larunbatean, hirugarren sailkatua den Soto Ibarbasoren kontra. Atsedenaldia baino lehen, Aimar Cestau eta Txomin Omarren gol banarekin, 0-2koarekin irabazten joan ziren aldageletara doneztebarrak. Bigarren zatian berriz, etxeko taldeak lehen gola sartu zuen, baina hortik guttira Doneztebek ere hirugarrena eskuratu zuen Markel Jabaleraren eskutik, markagailuko errenta euren alde mantenduz. Neurketa horrela bukatuko zela uste zutenean ordea, Soto Ibarbasok bi gol sartu zituen, emaitza berdintzeko. Puntuak banatuta, Doneztebe líder mantentzen da, 30 punturekin eta hiruko aldea du Gazte Berriak bigarren sailkatuarekin. Heldu den asteburuan, abenduaren 7an, Bidezarra B taldea jasoko du Doneztebek etxean, arratsaldeko 17:00etan. Hala ere, atzo Nafarroako Kopako final hamaseirenetako azken jardunaldia jokatu zuen taldeak ere. Etxarri Aranatz izan zuen arerio eta 4-1eko markagailuarekin galdu zuen. Multzoko lidergotza galdu zuen honela Doneztebek eta ez zuen partidu ona jokatu, denboraldiko lehen porrota jasoz, baina hala ere, hurrengo fasera pasatzea lortu zuen taldeak. Oier Beltran taldeko bigarren entrenatzaileak kontatu digu atzokoa.