Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean soilik Beti Gazteko gizonezkoek lortu dute puntua

2025/04/15
Lesakarrek hutsera berdindu zuten etxean Real Union Rocaren kontra. Beti Gazteko emakumeek, Gure Txokoak, Baztanek eta Doneztebek porrotekin bukatu zituzten asteburuetako euren partiduak.
Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean soilik Beti Gazteko gizonezkoek lortu dute puntua

Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 7-0 galdu zuten pasa den larunbatean Elgoibarren kontra. Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, hutsera berdindu zuten pasa den igande arratsaldean Real Union Rocaren kontra. Puntu ona eskuratu zuten lesakarrek, ikusirik talde irundarra sailkapeneko laugarren postuan dagoen taldea dela, eta horrela adierazi du baita ere Javier Escagües entrenatzaileak.Erregional mailan, igoera fasean, Gure Txokoak 3-0 galdu zuen Internacional taldearen kontra.

Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek ere 2-1eko markagailuarekin galdu zuen Lourdes taldearen kontra. 2-0 galtzen joan ziren baztandarrak eta azken minutuetan penaltiz gola sartzea eta aldeak murriztea lortu zuten. Azken ordu laurdenean, indarrez aritu ziren gainera, emaitza berdintzeko ahaleginetan. Hala ere, ezin izan zuten hori lortu eta puntuak Tuteran utzi zituzten, Sergio Oskoz prestatzaileak aipatu bezala. Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ere 1-3 galdu zuen Soto Ibarbaso taldearen kontra. Aurkaria hirugarren sailkatua da eta doneztebarrek aukera paregabea zuten aldeak handitzeko eta euren lidergotza behin-betikotzeko. Hala ere, ez zen posible izan, puntuak talde bisitariarentzat izan ziren eta beraz, sailkapena ere aldatu egin da, kolokan jarriz doneztebarren nagusitasuna. Lehen postuan segitzen dute, 61 punturekin. Bigarren Gazte Berriak taldea da 59 punturekin eta hirugarrena, Soto Ibarbaso 58 punturekin.

Orain talde guztiek atsedenaldia izanen dute, batzuk astebetez, bertze batzuk bi astez. Hala er, denentzat baliagarria izanen da indarrak hartu eta denboraldiko azken partiduei aitzin egiteko.