BAZTAN-BIDASOALDEKO FUTBOL TALDE NAGUSI BAKAR BATEK ERE EZ DU GALDU ASTEBURUAN

2024/05/14
BAZTAN-BIDASOALDEKO FUTBOL TALDE NAGUSI BAKAR BATEK ERE EZ DU GALDU ASTEBURUAN
Beti Gazteko bi taldeek, Gure Txokoak eta Baztanek garaipena eskuratu zuten eta Doneztebek berriz, berdinketaJardunaldi arrakastatsua izan dute gure asteburuan eskualdeko futbolariek, Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusi bakar batek ere ez baitu galdu. Beti Gazteko bi taldeek, Gure Txokoak eta Baztanek garaipena eskuratu zuten, eta Doneztebek berriz, berdinketa gehiago merezi izan zuten partiduan. Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 5-4 garaitu zuten pasa den larunbat eguerdian Urola taldea. Aurkari gogorra zuten lesakarrek, eta Mastegiko zelaian nagusi izan ziren etxekoak, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak kontatu duenez. Hala ere, markagailua ez zen guztiz euren alde jarri bukaera arte. Azkenik, bukaerarako hamar minutu gelditzen zirenean lortu zuten aitzinetik jartzea eta hiru puntuak ere etxean gelditzea.Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek ere 3-2 irabazi zuten igande arratsaldean Mutrikuren kontra. Lesakarrak hobeak izan ziren partidu guztian zehar eta irabazitako hiru puntuak ere merezitakoak izan ziren. Hala ere, neurketa ez zen erraza izan, lehiatu beharrekoa baizik. Maila mantentzeko borrokan, garrantzitsua izan zen lortutako garaipena, nahiz eta oraindik ez duten helburua ziurtatua, Javier Escagües entrenatzaileak dioenez.Erregional mailako Gure Txokoak ere garaipena eskuratu zuen, Sanpedrotarra Bri 4-1 irabazita. Derrigorrezkoak zituzten beratarrek hiru puntuak eta lortu zituzten. Sailkapeneko laugarren postuan kokatuak daude orain, hirugarrenarekin eta bigarrenarekin berdinduta. Euren helburua hirugarren postua eskuratzea izanen da, promozioa jokatu ahal izateko. Edonola ere, liderra bisitatu beharko dute heldu den asteburuan eta beraz, ez da erraza izanen. Irabaziz gero ere, eurekin berdinduta dauden taldeen emaitzei begira egon beharko dira, Ganix Zubieta entrenatzaileak aipatu duenez. Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 3-1 garaitu zuen Mutilvera B. Bolada hagitz onean daude baztandarrak eta hiru puntu gehiago batuta, sailkapeneko laugarren postuan daude kokatuta, promozio maila jokatzeko egoera ezin hobean. Denboraldia bukatzeko bi jardunaldi bertzerik ez zaizkie falta eta, partiduz partidu joanen direla aipatu du Iban Romo entrenatzaileak, helburu garbiarekin: garaipena eskuratu eta promozioa jokatu. Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ezin izan zuen Altsasu garaitu, pasa den igandean arratsaldean. Banako berdinketa lortu zuen eta beraz, puntu baliagarria ekarri zuten doneztebarrek bueltan etxera. Markagailuak islatzen duen moduan, neurketa parekatua izan zen. Bi taldeek aukerak izan zituzten neurketa irabazteko, baina azkenerako puntuak banatu zituzten. Joel Gil bigarren entrenatzaileak etxera zapore gazi-gozoarekin bueltatu zirela erran du, markagailua euren alde baldin bazuten ere, ezin izan zituztelako hiru puntuak eskuratu. Hala ere, puntua baliagarria da eta denboraldi bukaeran ere indartsu daudela erakusten ari dira.