BATeko master mailako atletek hamar domina poltsikoratu dituzte Euskadiko Txapelketan

2025/02/05
Euskadiko Master Txapelketa ospatu zen pasa den igande goizean eta Bidasoa Atletiko Taldeko kirolariek hamar domina eskuratu zituzten guztira, horietatik zazpi urrezkoak.
BATeko master mailako atletek hamar domina poltsikoratu dituzte Euskadiko Txapelketan

Euskadiko Master Txapelketa ospatu zen pasa den igande goizean eta bertan, dirdira berezia erakutsi zuten Bidasoa Atletiko Taldeko kirolariek. Guztira, hamar domina poltsikoratu zituzten, horietatik zazpi urrezkoak izanda, bi zilarrezkoak eta brontzezkoa bertzea. 

Urrezko dominei dagokionez, Imanol Gilek lortu zituen horietako bi M35 kategorian, 60 metroko lastekertan (7,16 segundu), baita 200 metroko lasterketan ere, (23,16 segundu). Bertzalde, Victor Madejonek bertze hiru garaipen lortu zituen, M55 kategorian: 800 metroko lasterketan (2:22 minutu), 1500 metroko lasterketan (4:43 minutu) eta 3000 metroko lasterketan (10:00 minutu). Horrez gain, M40 kategorian, Jose Gomez de Arriba izan zen lehen postuan sailkatu zena 3000 metroko lasterketan (8:58 minutu). Azkenik, Juana Usabarrenak lortu zuen urrezko domina ere, W70 kategoriako pisu jaurtiketan (6,85 metro). 

Bigarren postuei dagokionez, Abel Castañaresek lortu zuen zilarrezko domina, M65 kategoriako 1500 metroko lasterketan (5:19 minutu). Jose Diazek berriz, M55ko kategoriako 3000 metroko lasterketan lortu zuen bigarren postua (11:42 minutu). Azkenik, brontzezko dominei dagokionez, Susana Ruizek lortu zuen horietako bat, W50 kategoriako  400 metroko lasterketan, 1:10 minutu denboran osatuta proba.