BATeko emakume eta gizonezkoak hirugarren postuan Euskadiko klub arteko Kopan

2025/02/05
Anoetako Belodromoan ospatu zen, pasa den larunbatean, Euskadiko klub arteko Kopa eta bertan, Bidasoa Atletiko Taldeko emakume eta gizonezkoek hirugarren postu bana eskuratu zituzten. Emakumeek 71,5 puntu batu zituzten guztira eta gizonezkoek berriz, 76 puntu.
BATeko emakume eta gizonezkoak hirugarren postuan Euskadiko klub arteko Kopan

Euskadiko klub arteko Kopa ospatu zen pasa den larunbatean Donostian, Anoetako Belodromoan. Erkidegoko urteko hitzordurik garrantzitsuena izaten da hau Bidasoa Atletiko Taldearentzat eta emaitza ezin hobeekin bukatu zuten jardunaldia. Bai emakumeak, bai gizonezkoak ere, sailkapeneko hirugarren postua eskuratu zuten, podiumeko hirugarren koskara igoz. 

Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeak hirugarren postuan sailkatu ziren, Euskadiko klub arteko Kopan, Real Sociedad eta Atletico San Sebastian taldeen gibeletik. 71,5 puntu batu zituzten guztira klub irundarreko atletek. Emaitza indibidualei dagokionez, hiru garaipen lortu zituzten BATeko emakumeek: Malen Martinezek, 60 metroko hesi-lasterketan (8,64 segundu); Zuriñe Celisek, altuera jauzian (5,73 metro); eta Ainhoa Idoiagak, 800 metroko lasterketan (2:19,12 minutu). 

Podiumera ere igo ziren bertze hainbertze atleta. Horien artean, bigarren postuan, Irune Muguruza eta Goizane Garcia sailkatu ziren. Muguruzak 200 metroko lasterketan lortu zuen zilarrezko domina (25,68 segundu) eta Garciak berriz, pisu jaurtiketan (12,85 metro). Hauez gain, 4x200 metroko erreleboetan ere bigarren postuan sailkatu ziren Leire Martiarena, Irune Muguruza, Lucia Mariscal eta Alaine Aguerralde (1:41,73 minutu). Hirugarren postuan berriz, Naia Llorente sailkatu zen, altuera jauzian, 1,64 metro lortuz. 

Podiumetik harago, bertze emaitza batzuk eman ziren larunbatean Anoetan. Malen Orduña laugarren izan zen pertigan (2,90 metro) eta Noa Garcia bostgarren jauzi hirukoitzen (10,18 metro), baita Alazne Etxeberria ere 400 metroko lasterketan (58,68 segundu). Irati Erro berriz, seigarren helmugaratu zen 3.000 metroko lasterketan (11:00,30 minutu), baita Junkal Etxegaray ere 1.500 metroko lasterketan (5:05,83 minutu). Azkenik, Leire Martiarena zazpigarren izan zen, 60 metroko lasterketan, 8,02 segunduko denbora eginez. 

BATeko gizonezkoek ere brontzezko domina eskuratu zuten

BATeko gizonezkoek ere podiumeko hirugarren koskara igo ziren sailkapen orokorrean, 76 punturekin guztira, eta Real Sociedad eta Durango Kirol Taldea kluben gibeletik. Indibidualki, bi garaipen izan zituzten klub irundarreko atletek. Batetik, Iker Arotzena nagusitu zen luzera jauzian, 7,45 metro lortuz, eta bertzetik, Joaquin Alonsok ere urrezko domina eskuratu zuen 200 metroko lasterketan, 21,97 segunduan osatuz proba.

Zilarrezko dominei dagokionez, Iker Angladak, Gonzalo Tamayok eta Aritz Zuazok lortu zituzten. Anglada bigarren izan zen 800 metroko lasterketan (1:58,62 minutu), Tamayo pisu jaurtiketan (13,63 metro) eta Zuazok altuera jauzian (1,91 metro). Hirugarren postuan berriz, Imanol Gil eta Imanol Ibarbia sailkatu ziren. Gilek 60 metroko lasterketan lortu zuen brontzezko domina (7,11 segundu) eta Ibarbiak berriz, pertigan (4,00 metro). Hauez gain, 4x200 metroko erreleboan ere brontzezko domina eskuratu zuten Markel Garranchok, Ioritz Labandibarrek, Imanol Gilek eta Iñaki Sanzek (1:30, 49 minutu).  

Podiumetik harago, Adrian Mazok laugarren postua eskuratu zuen 60 metroko hesi-lasterketan, nahiz eta fotofinish-ean akats bat izan eta bere denbora erregistroa gode gabe gelditu zen. Iñaki Sanzek ere laugarren postua eskuratu zuen, 400 metroko lasterketan (50,06 segundu). Gonzalo Fuentes berriz, bostgarren izan zen 3.000 metroko lasterketan (8:57,86 minutu), baita Lukas Cabezon ere, 1.500 metroko lasterketan (4:09,07 minutu). Azkenik, Ibai Anaut seigarren izan zen jauzi hirukoitzean, 11,59 metroko jauzi hoberenarekin.