BATeko atletek bortz domina eskuratu dituzte Euskadiko Txapelketan
Bidasoa Atletiko Taldeko maila ezberdinetako atletak Euskadiko Txapelketan izan ziren lehian asteburuan. Modalitate ezberdinetan ere parte hartu zuten eta guztira, bortz domina poltsikoratu zituzten bertan, urrezko bat, zilarrezko bi eta brontzezko bertze bi.
18 urtez azpiko kategorian, Rafalek Caseuk lortu zuen proba konbinatuan Euskadiko txapeldunorde izatea. Guztira, 5.414 puntu batu zituen decatloia osatzen duten hamar probak kontuan hartuta eta horrela, bigarren postuan sailkatu ahal izan zen. Erregulartasunez lehiatu zen eta marka onak lortu zituen: 6,23 metro luzera jauzian; 13,20 metro pisu jaurtiketan; 43,14 metro xabalina jaurtiketan; 15,98 segundu 110 metroko hesi-lasterketan. Kategoria berean, baita proba berean ere, Iker eta Ibai Anaut anaiek lehiaketa ona egin zuten, seigarren eta zazpigarren postuak eskuratuz hurrenez hurren (3.650 eta 3.306 puntu batuz).
Master mailako jaurtiketa txapelketan, Juana Usabarrena nagusitu zen W75 kategorian. 2.004 puntu batu zituen atletak guztira eta urrezko domina eskuratu zuen Durangon. M50 kategorian aldiz, Miguel Arburua hirugarren izan zen, 1.549 puntu batuta guztira.
Azkenik, 16 urtez azpiko kategorian, 3000 metroko lasterketan, bi domina eskuratu zituzten BATeko atletek. Eider Aranburu txapeldunorde izan zen, 10:55,45 minutuko denboran osatuz proba, eta Naia Piquer hirugarren izan zen (10:55,79 minutu). Biak ere euren marka pertsonalik onenak lortu zituzten bertan. Honez gain, 20 urtez azpiko kategorian, 5000 metroko lasterketan, Adur Ugartemendiak laugarren postua eskuratu zuen, 15:25,21 minutuko denboran osatuz proba, bere marka pertsonalik onena dena.