BATeko atletak Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan lehiatu dira

2025/04/09
Guztira, hamalau domina poltsikoratu zituzten irundarrek, zortzi infantil mailan eta sei alebin mailan. Horietako lau urrezkoak izan ziren, bortz zilarrezkoak eta bertze bortz brontzekoak.
BATeko atletak Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan lehiatu dira

Bidasoa Atletiko Taldeko infantil eta alebin mailako atletak Eibarren izan ziren asteburuan, bertan jokatuko zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan lehiatzen. Lan ona egin ondotik, guztira hamalau domina ekarri zituzten bueltan etxera Irungo klubeko kirolariek, zortzi infantil mailan eta sei alebin mailan: urrezko lau, bortz zilarrezko eta brontzezko bertze bortz. 

Infantil mailan, xabalina jaurtiketan, emakumeen 400g kategorian, Maren Martin txapeldunorde izan zen, 22,98 metroko jaurtiketa onenarekin. Proba berean, Nora Gonzalezek lagundu zion podiumean, hirugarren koskan, 21,06 metroko jaurtiketarekin. Pertigan berriz, proba mistoan, podium osoa BATeko atletek osatu zuten: Hegoi Errazkin izan zen lehena (2m), Eñaut Cordoba bigarren (1,90m) eta Aingeru Etxabe hirugarren (1,70m). Disko jaurtiketan, gizonen 500g kategorian, Adur Errazkin bigarren izan zen, 29,80 metroko jaurtiketa onenarekin. Jauzi hirukoitzean, Amane Arruabarrena izan zen irabazlea, 10,02 metroko jauzia eginda eta 150 metroko lasterketan azkenik, Ane Placeres hirugarren izan zen, 20,02 segunduko denborarekin. 

Alebin mailan berriz, altuera jauzian, gizonetan, Amets Gurutzealde podiumeko hirugarren koskara igan zen, 1,28 metroko jauzi onenarekin. Proba berean, baina emakumeetan, Jare Munduatek ere hirugarren postua eskuratu zuen, 1,29 metro lortu ondotik. Pisu jaurtiketan berriz, 2kg kategorian, Ane Rincon bigarren izan zen, 7,18 metroko jaurtiketarekin. Maia Sanchezek berriz, garaipena eskuratu zuen 2000 metroko lasterketan, 7:55,99 minutuko denboraz osatuta ibilbidea. Azkenik, Iraia Garciak bi domina eskuratu zituen. Lehena urrezkoa 150 metroko hesi-lasterketan (23,04 segundu) eta bigarrena, zilarrezkoa, 150 metroko lasterketan (21,19 segundu).