BAT-EKO MIQUELARENA ETA ALONSO ESPAINIAKO TXAPELKETAN
Miquelarenak laugarren postua eskuratu zuen eta Alonsok seigarrena Espainiako Txapelketako SUB18 mailan
Pasa den asteburuan Bidasoa Atletiko Taldeko Beñat Miquelarena eta Joaquin Alonso Valentzian izan ziren Espainiako Txapelketan lehiatzen, SUB18 kategorian. Biak ere lan ona egin ondoren, laugarren eta seigarren postua eskuratu zuten hurrenez hurren. Gainera, Alonsok bere denbora onena ere lortu zuen.
Alde batetik, Beñat Miquelarenak 200 metroko proban parte hartu zuen. Atleta gazteak bere seriea irabazten hasi zen 22,51ko denborarekin eta horrela, hiru finalerdietako batean lehiatzeko sailkatu zen. Hemen ere garaipena eskuratu zuen 22,58ko segundoan helmugaratuz. Finala berriz, oso lehiatua izan zen, eta Miquelarenak azken momentura arte estutu zuen Oriol Sanchez aurkaria. Hala ere, 0,06 segundogatik ez zuen lortu brontzezko domina eta sailkapeneko laugarren postuan amaitu zuen lehiaketa, 22,39ko denbora izugarria lortuz.
Beste aldetik, Joaquin Alonsok 60 metroko hesi-lasterketan lehiatu zen, eta lan ona egin zuen honek ere hasieratik. Lehendabiziko seriean bigarren postua lortu zuen 8,16ko denborarekin, eta honekin bi finalerdietako batean parte hartzeko txartela eskuratu zuen. Finalerdian ere ia denbora bera egin zuen, 8,18koa, eta laugarren helmugaratu zen finalean egoteko aukera erdietsiz. Hau Alonsorentzat estatu mailako lehen finala zen, baina BAT-eko atleta ez zen honen aurrean kikildu. Taldearen erasoari eutsi zion eta 8,13 segundutan gurutzatu zuen helmuga, seigarren postua eta bere marka pertsonala lortuz.