Balentria egin du Bidasoak
BIDASOA: Dejanovic, Crowley (4), Beltza, Nonó (1), Odriozola (7), Borragán (9), Popovic. Zubiria, Cavero, Vázquez, Martínez (2), Serrano (4), Muiña (1), Basaric, Azkue (4).
BENIDORM: Calle, Marchán (1), Simonet, Esteban (4), Cuartero (2), Vallecas, Corzo (4). Mijuskovic, Sánchez, Torriko (5), González, Salinas (4), Chernov, Jiménez (3), Sáez, Rodríguez.
MARKAGAILUA: 3-3, 6-5, 7-5, 9-7, 12-8, 14-10 (atsedenaldia), 17-11, 19-12, 20-14, 25-17, 29-21, 32-23.
Errege Kopako zortziko finalean parte hartuko du Bidasoak, ekainaren 9, 10 eta 11n. Txartela lortzeko, balentria handia egin du. Bederatzi goleko aldea atera zion Benidormek joanekoan, baina desabantaila irauli, eta hamar goleko errentarekin irabazi du Irungo taldeak, larunbatean Artaleku kiroldegian. Zaleen babesean, norgehiagoka bikaina osatu du Bidasoak. Ez da ondo hasi, presaz ibili baita, abantaila ziztu bizian hartu nahian. Atsedenaldirako, itxaropena indartu du Jacobo Cuétararen taldeak (14-10).
Bigarren zatian, 5-1eko defentsak eragozpen handiak sortu dizkio Benidormi. Erasoan, oso eraginkor ibili dira etxeko jokalariak. Zazpi-zortzi goleko errenta eduki du Bidasoak luzaroan. Jon Azkueren gol batek erabaki du lehia, azken erasoan. Festa nagusitu da, ondoren, pistan eta haramailetan. Ospatzeko modukoa baita Bidasoaren lorpena. Ligan eroso aritzeaz gainera, Kopako zortziko finalerako txartela eskuratu du.