Badator arraunaren ikuskizuna Hondarribira
Arraunaren munduak hartuko du Hondarribia asteburu osoan zehar. Bi estropada antolatuko ditu Hondarribia Arraun Elkarteak. Larunbatean San Miguel Ligakoa, eta KAE2 Ligakoa igandean. Hondarribiko XXVIII. Bandera – Mapfre Sari Nagusian, Hondarribia liderra bandera eskuratzen ahaleginduko da. Bederatzi lortu dituzte berdeek orain arte, baina etxekoak balio handia du. Ohorezko Txandan Urdaibai, Orio eta Kaiku izango ditu Ama Guadalupekoak ondoan. Lau luzeko eta hiru ziabogako estropada izango da, ohiko estropada eremuan, hondartzaren aurrean.
San Miguel Ligakoa ikusgarria izango da, baina KAE2 ligakoa ere oso erakargarria izan daiteke. Hondarribia B bigarren da sailkapen nagusian. Castrok puntu bakar bat gehiago du, eta IX.Arrantzaleen Kofradiako bandera ligako azken jardunaldia izango da. Lehenago, larunbatean Colindresen ariko dira nor baino nor gehiago.