Azken tokian gelditzeko arriskua ere izan dezake Hondarribia Eskubaloiak
Errenteriako Galtzarabordan galdu zuen larunbatean Estatuko Lehen Mailako Hondarribia Eskubaloiak, Ereintzaren kontra. Bikain sartu ziren norgehiagokan berdeak, eta hogeigarren minutura arte markagailuan aurretik izan ziren. Hogeita bosgarrenera arte orekari eutsi zion Hondarribiak (9-9). Baina atsedenaldiaren aurreko minutuetan, ihes egin zion etxeko taldeak, 4-0ko partzialarekin.
Bigarren zatiaren hasieran neurketa hautsi zuen Ereintzak. Beste lau gol sartu zituen, aurkariak lehenengoa lortu aurretik (17-9). Hortik aurrera, eroso eutsi zion aldeari. Emozio pixka bat jarri zuen Iñigo Gomezek zortzi minutu falta zirenean, 22-19koarekin. Baina berdeek ez zituzten errenteriarrak gehiago estutu. Porrotaz gain, beste berri txar bat jaso zuen Hondarribiak, Urdaneta azken sailkatuak Tolosaren aurka berdintzea lortu baitzuen. Igande eguerdian Hondartza kiroldegian jokatuko du, eta irabaziz gero, Hondarribia utziko du multzoko azken postuan.
Garaipen estua Bidasoa Bk
Euskal Ligan, HTG Express Bidasoa Bk kostata irabazi zuen igandean Gasteizen, Corazonistas taldearen kontrakoan (22-24). Igande goizean Basauri hartuko du filialak Artalekun (10:00). Hirugarren tokian dago talde bizkaitarra, eta galtzen baldin badu, lehen posturako lehiatik kanpo geldituko da.