AZKEN SEGUNDUAK ERABAKIGARRIAK

2020/11/30
AZKEN SEGUNDUAK ERABAKIGARRIAK
Bidasoa XXI 9
10 Donosti Waterpolo

Bidasoa XXI gizonezkoen waterpolo taldeak 9-10 galdu zuen Azken Portuko Igerilekuan Donostia Waterpolo taldearen kontra. Galdu arren, Euskal Herriko Kopako bigarren fasera igaro dira.

Neurketak amaierara arte jokatu behar dira, are gehiago, markagailuak berdinketa adierazten duenean. 9-9koarekin bukatuko zela zirudienean, hiru segunduren faltan, Donostia Waterpolo taldeak 9-10ko gola egin eta garaipena erdietsi zuen. Neurketa oso berdindua izan zen hasieratik eta amaieran detaileek baldintzatu zuten norgehiagoka.

Waterpolo neurketa baino boxeoko ring batean zeudela zirudien. Bi taldeek, batak besteari, golen bitartez kolpe latzak ematen zizkioten eta defentsak oso gogorrak ziren. Minutuak aurrera egin ahala, partiduaren abiaduraren eta intentsitatearen ondorioz, bi taldeek hutsak egiten hasi ziren. Bi taldeetako entrenatzaileek neurketaren erritmoa gelditu nahi izan zuten, baina jokalariak bere horretan aukerak sortzen eta defentsa gogorrak praktikan jartzen jarraitu zuten.

Nuerketa bukatzeko 1:31 minutu geratzen zenean, Bidasoa XXI taldea 9-8 aurretik jarri zen markagailuan, baina oraindik asko zuten jokatzeke. Neurketa bukatzeko 30” geratzen zirenean, donostiarrek 9-9 berdindu zuten eta jarraian, neurketako epaileak amaiera adieraztekotan zegoenean, azkeneko 9-10ekoa egin zuten.

Bidasoa XXI-eko jokalariak penaz bukatu zuten neurketa, baina asko dibertitu zirela ere aitortu zuten. Mikel Izquierdok hurrengoa aipatu zigun: “penaz bukatu genuen neurketa, ez baita gustukoa azken segunduan neurketa galtzea, baina oso dibertigarria izan da horrelako neurketa jokatzea”. Borja Furiok, Bidasoa XXI taldeko kirol-zuzendariak, neurketaren balorazioa egin zuen ere bai. Bere aburuz, “arlo fisikoaz gain, teknika gehiago landu beharko dugu, horrelako neurketak teknikaren bidez garaitzea lortu behar dugu datozen neurketetan”.

Euskal Herriko Kopako hirugarren jardunaldi honean porrota jasan bazuen ere, Bidasoa XXI taldeak txapelketan aurrera egin du eta datozen asteetan aurkari berrien aurka arituko da. Momentuz, emakumezkoen taldeak eta gizonezkoen taldeak ez dituzte arerioen izenak ezagutzen, datozen egunetan zehar zozkeatuko dira bigarren faserako kanporaketak.