Azken ordu laurdenean ihes egin dio neurketak Bidasoari
VALLADOLID: Javi Díaz; Adrián Fdez., Fernando Hdez. (7), Río, Serdio (2), Viscovich (3), Víctor Rodríguez (5), Garza, Turrado, Nico López (2), Diego Camino (6), Serrano, Miguel Camino, Héctor González (1), Roberto Pérez (3).
BIDASOA: Ledo, Zubiria, Cavero (6), Vázquez, Beltza, Nonó (4), Popovic (2), Redondo, Kauldi (3), Azkue (4), Serrano (5), Leo, Lancina (4), Crowley.
MARKAGAILUA: 0-2, 2-4, 3-6, 7-7, 8-10, 10-13 (atsedenaldia); 12-17, 15-19, 17-22, 22-24, 26-25, 29-28.
Valladoliden galdu du Bidasoak, Asobal Ligako seigarren jardunaldian. Neurketa parekatu baten seinalea dirudi markagailuak, baina kontuan hartu beharra dago, hamalau minutu falta zirela, sei goleko errenta zuela Bidasoak (17-23). Ordura arte, bidasoarrak nagusi izan ziren, defentsako lanean, batez ere. Zazpi minutu behar izan zituen Valladolidek lehen gola egiteko.
Atsedenaldirako hiru goleko aldea zuen Bidasoak, eta bigarren zatiaren hasieran, are gehiago handitu zuen, defentsako lan gogorrari esker, batez ere. Bidean, baina, jokalariak galdu zituen Jacobo Cuétararen taldeak. Leok txartel gorri zuzena jaso zuen, eta Markel Beltzak, hiru kanporaketen ondoriozkoa. Etxeko taldea aldea murriztuz joan zen, markagailuan aurretik jartzeraino. Azken minutuetan gehiago izan zen Valladolid, Huerta del Rey pabiloiko zaleen laguntzarekin.
Azpimarratzekoa da eskuin lateralean hutsune nabarmena izan zuela Bidasoak, Muiñaren eta Salinasen lesioen ondorioz. Lehen zatian Kauldi aritu zen postu horretan, baina min hartuta, bigarren zatian ezin izan zuen parte hartu. Porrotarekin, sailkapenean behera egin du Bidasoak, hamahirugarren posturaino. Larunbatean Cangas hartuko du Bidasoak, Artaleku kiroldegian (19:00).