AZKEN MINUTUKO GARAIPENAK ITXAROPENA EMAN DIO REAL UNIONI
Nacho Sanchezek azken lau minutuetan sartutako golak maila mantentzeko helburura hurbildu du taldea
Real Unionek hil ala biziko neurketa zuen atzo Stadium Galen Bilbao Athletic B taldearen kontra. Final baten antzera hartu zuten txuribeltzek partidu hau eta garaipena ezinbertzekoa zuten. Helburua argi edukita ekin zioten 90 minutu garrantzitsu hauei eta Nacho Sanchezen azken golak borobildu zuen taldeak egindako lana, maila mantentzeko helburutik hurbilago egotea ahalbidetuz.
Erritmo handiarekin atera ziren bi taldeak Stadium Galera. Lehen aukera Bilbao Athletic Bk eduki zuen, baina Irazustak ongi gelditu zuen Iruretagoienaren jaurtiketa. Gaguak erantzun zuen orduan, nahiz eta honen jokaldia alboko sarera joan. Jokalari georgiarra berriz ere saiatu zen hurrengo bi minutuetan. Orduan Bravori pasatu zion baloia, baina honek ezin izan zuen errematatu. Hala ere, azken hau gogoz gelditu zen eta horrela erakutsi zuen hurrengo jokaldian. 21. minutuan, eskuin hegaletik kornerra atera eta Bravok ate barrura jaurti zuen baloia, 1-0ekoa ezarriz. Atsedenaldira iritsi baino lehen, azken aukera izan zuen madrildarrak, baina orduan Padillak geldiketa ona egin zuen eta baloia kornerrera bidali zuen.
Gol bateko abantailarekin hasi zuten txuribeltzek bigarren zatia. Hala ere, minutu zailak izan ziren etxekoentzat, aurkariak indarra hartu eta euren onena erakusten hasi baitziren. 59. minutuan, Iruretagoiena saiatu zen partidua berdintzen, baina Irazustak ez zion utzi. Ez zen gauza bera pasatu 63. minutuan aldiz. Orduan, Iñigo Lopezek gola egin eta neurketa berdintzea lortu zuen. Berriz ere hastea egokitzen zitzaion Iñaki Goikoetxearen taldeari eta saiatzen jarraitu zuten. Bravok izan zuen errematatzeko aukera, lau minutu beranduago, baina gora joan zitzaion baloia. Gainera, hurrengo jokaldian, Luquek bigarren txartel horia ikusi zuen baloia eskuarekin mozteagatik eta beraz, bat gutxiagorekin gelditu zen Real Union. Partiduaren azken minutuetan sartuak zeuden dagoeneko bi taldeak eta, berdinduta bukatu behar zutela uste zutenean, Nacho Sanchezek area kanpotik jaurtiketa egin eta garaipena eskuratu zuen etxekoentzat, 2-1eko markagailuarekin.
Hiru puntu gehiago batuta, Real Unionek hurbilago sentitu zuen maila mantentzeko helburua. 37 punturekin guztira, talde txuribeltza buru-belarri jarriko da asteartetik aitzinera, Gimnastic de Tarragonaren kontrako neurketa prestatzen.
(Argazkia: Aimar Blanco)