Azken minutuan irauli du markagailua Hendaiak

2015/09/28
Azken minutuan irauli du markagailua Hendaiak

Lannemezanen irabaztea lortu zuen igandean Hendaiak. Puntu bakarreko abantailarekin amaitu zuen partida, eta azken segundoetan lortu zuen, gainera, markagailuan aurretik jartzea. Gaizki hasi ziren xuriak, bigarren minutuan jaso baitzuten lehen entsegua. Fin ibili ziren etxekoak erasoan lehen zatian zehar. 17-6ko aldearekin hartu zuten aldagelarako bidea.

Bigarren zatian, berriz, gora egin zuen Hendaiak. Defendatzera behartu zuen aurkaria, eta lan horretan, ez zen horren ondo moldatu. Bidasoarrak markagailuko aldea murriztuz joan ziren, 75.minutuan 22-20ra hurbiltzea lortu zuten arte. Abantailari eusten ahalegindu zen Lannemazan, baina azken aukera eman zion Hendaiari. 30 metrotik egindako drop batekin, hendaiarrak aurretik jartzea lortu zuen Jimenezek. Zortzi punturekin, sailkapeneko bigarren tokian dago Hendaia.