Azken minutuan erabaki du neurketa Real Unionek

2017/09/12
Azken minutuan erabaki du neurketa Real Unionek

REAL UNION: Otaño; Aimar, Ehki, Esnaola, Gayoso; Martins, Mikel Alonso (Sergio Llamas, 70'), Estrada, Juan Domínguez (El Haddadi, 74'), Capelete (Orbegozo, 59'); Galán.

VITORIA: Quique, Cipetic, Julen, Diego, Cristian (Ibra, 90'), Alfonso, Iñigo, Julen, Obieta (Xesc Regis, 63'), Asier Etxaburu, ángel López (Luis Lara, 70').

GOLA: 1-0: Orbegozo (89').

EPAILEA: Hernández Lorenzo. Txartel horiak: Ekhi, Gayoso, Orbegozo (Real Union); Obieta (Vitoria).

Bitik bi partida irabazi ditu Real Unionek Stadium Galen. Gol banarekin aski izan du bi neurketak aurrera ateratzeko. Azkenekoa, ordea, kostata heldu da. Vitoriaren kontra aritu ziren txuribeltzak larunbatean, euri zaparrada bortitzek baldintzatutako lehian. Berdegunearen egoera kaskarrak jokoa oztopatu zuen arren, Asier Santanaren taldeak abaguneak sortu zituen lehen zatian. Onena, Aimar Sagastibeltzak eduki zuen, aldaratze batean.

Bigarren zatian baloia jokatzen ahalegindu zen Union, baina zelaiaren egoera eragozpen handia izan zen. Etxeko taldeak minik eragiten ez ziola ikusita, gero eta erosoago aritu zen Vitoria, eta gol aukerak eduki zituen. Azken minutuan, ordea, aurkariek puntuak banatuko zituztela zirudienean, arratsaldeko gol bakarra eta erabakigarria iritsi zen. Orbegozok egin zuen, buruz, El Haddadiren erdiratzea baliatuta.