AVILESEN GOIA JO DU BEÑAT BENGOETXEAK
Espainiako Duatloi Txapelketan 25-29 urteko adin-tarteko lehen sailkatua izan zen.
Urteak Sevillan aritu ostean, etxera bueltatu da Beñat Bengoetxea. Kirol-proiektuak eta proiektu pertsonalak tarteko, Hondarribian ari da korrika eta txirrindularitza uztartzen duen kirola entrenatzen. Asteburuan zehar, Asturiaseko Aviles hirian izan zen Espainiako Duatloi Txapelketan parte hartzen eta 25-29 urteko adin-tarteko denborarik onena erdietsi zuen.
Garai zailak dira kirol-ekitaldiak aurrera eramateko eta egiten direnak osasun-arauak errespetatzeko kontu handiarekin egiten dira. Horregatik, ez-ohiko Espainiako Duatloi Txapelketa jokatu zuten. Duatloilariak banan banan eta hamar segunduro irten ziren irteera lerrotik, erlojupekoa balitz bezala. Sprint modalitatean jokatu zen txapelketa: hasieran, parte-hartzaileek 5 kilometro egin behar zuten lasterka; ondoren, 20 kilometro txirrinda gainean; eta azkenik, 2,5 kilometro bete behar izan zuten korrika.
Bengoetxeak lan bikaina egin zuen, kronoa 1:02:15-eko denboran geratu zuen. Lehen bost kilometroak 3:1min/km denboran egin zituen, txirrindan aritutako 20 kilometroak 36km/h batazbestekoan gauzatu zituen eta azkeneko 2,5 kilometroak 3:15min/km erritmoan egin zituen. Dena eman behar izan zuen duatloilari hondarribiarrak; izan ere, bigarren postuan bukatu zuen Juan Ojangurenek berak baino bi segundu mantsoago bukatu zuen proba. Podiuma Alberto Blazquezek osatu zuen, 1:02:41-eko marka egin zuelarik.
Bada, lasterketen denboraldia bide onetik hasi du Beñat Bengoetxeak. Isbilya Sloopy Joe’s Triatloi Taldearekin lehiatu zen Avilesen, baina adi aurki pistarako jauzia emango duela; horretarako, Bidasoa Atletiko Taldearen elastikoa jantziko du.