“AURTENGO REAL UNIONEN BERTUTE NAGUSIA DUEN PERTSONALITATEA DA”
2021/03/11
(Argazkia: Gio Batista)Real Unionen laugarren denboraldia betetzen ari da Ekhi Senar iruindarrak. Hasierako urteetan erdilari gisa jokatu duen arren, aurten, Aitor Zulaikaren esanetara, defentsako erdialdean hasierako hamaikakoan tokia aurkitu du. Real Unionen antzera, sekulako denboraldia egiten ari da Ekhi Senar; hain zuzen ere, Senarrek berak eta bere aldamenean aritzen den Ivan Perezen lanaren ondorioz, Real Union multzoko gol gutxien jasotzen duen taldeetako bat da. Horregatik eta gehaiagogatik, Kiroletik saioan elkarrizketatu genuen.Denboraldi bikaina burutzen ari da Real Union, baita zu ere. Eskura duzue igoera fasean sailkatzea, baina eskura izateko, aurretik, hiru final jokatu behar dituzue: Denboraldia ona izaten ari da, batez ere, kolektiboki. Sailkapeneko goiko postuetan egotea beti da lan onaren seinale, baina oraindik ez dugu ezer gauzatu. Ongi bukatu nahi dugu lehen fase hau, lehen hiru postuetan kokatuta. Saria potoloa litzateke.Real Unionen urte batzuk daramazutenok sufritzetik disfrutatzera igaro zarete: Azken 3-4 urte hauetan Real Unionen jokatu dugunok asko sufritu dugu. Hiru urte jarraian beheko postuetan aritzea, ura kolkoan izatea eta mailaz jeisteko borrokatzea ez da inorentzat gustagarria eta erraza. Aurten, ordea, alderantzizko egoera bizitzea egokitu zaigu eta asko disfrutatzen ari gara. Zaletuek eta Real Union osatzen duten langileek asko sufritu dute, gurekin disfrutatzen ari direlako sentsazioa daukagu.Aurreko urteetatik aurtengora, zer aldatu da? Galdera ona. Futbola ez da matematika, ez dago teoria finkorik. Taldearen eta proiektuaren arabera emaitzak hobeak ala okerragoak izango dira. Futbolaren gakoa detaile txikietan dago eta nire ustez, sailkapeneko goiko postuetan egoteko detaile txiki asko kontrolpean izan behar dira. Detaile txiki asko pilatzen ari gara eta, momentuz, emaitzak onak izaten ari dira.Zein da aurtengo Real Unionen bertute nagusia?Nik esango nuke taldeak duen pertsonalitatea dela Real Unionen bertute nagusia. Joko identitate argia dugu, baina nire iritziz, aurtengo denboraldiko gakoa taldeak duen borrokatzeko izaeran dago. Edozein zelaira eta taldera egokitzeko kapazak gara, hori ere nabarmen kontuan izateko bertutea da. Lehiatzeko primerako gaitasuna dugula erakusten ari gara.Datorren larunbatean, Santanderreko Racing aurkari. Biek ala biek puntuak behar dituzue, zer nolako neurketa espero duzu?Oso potentea den taldea bisitatuko du Stadium Gal, 2.B maila osoko talde handienetarikoa. Hil ala biziko neurketa du Santanderreko Racingek, baina guk ere puntuak behar ditugu igoera faseko postuetan mantentzeko. Dinamika onean gatozen arren, oraindik ez dugu ezer itxi eta gu lehen hiru postuetan egon nahi dugu. Neurketa eta puntuak aurrera ateratzea zaila izango da, baina garaipena lortzeko konfiantzarekin gaude. Etxean indartsu gaude eta nahiz eta aurrean izango dugun aurkaria Racing izan, guk gure lana egin eta hiru puntuak bereganatu nahi ditugu.Zer egin behar du Real Unionek larunbatean garaipena lortzeko? Orain arte egindako bidea jarraitu behar dugu, Stadium Galeko berdegunean aurtengo Real Union izan behar gara. Baloiarekin ahalik eta min gehien egiten saiatu behar gara eta atzetik eman behar diogu irteera baloiari. Defentsiboki sendo bagaude, hiru puntuak lortzeko aukera gehiago izango dugu. Lehiakorrak izatea neurketako gako nagusia izan daiteke.Arlo pertsonalean, zein postutan jokatzen duzu erosoago, erdilaria ala atzelari gisa?Egia da azken urteetan, batez ere Real Unionen, posizio desberdinetan jokatu dudala, baina ni erdian sentitzen naiz gustorago. Horrek ez du esan nahi erdilari gisa jokatzea nahiago duduala. Defentsan edo zelai-erdian, erdian jokatzea dut gustuko. Zentzu horretan, Aitor Zulaikak defentsako erdialdean kokatu nau eta gustora ari naiz. Jardunaldiz jardunaldi postua aldatzen ez joateak lasaitasuna eman dit.