Aurreikuspenak baztertuz irabazi du Bidasoak
BIDASOA: Zubiria; Aldaba, Leo Renaud (5), Muiña (1), Nonó (11), Popovic, Mikel Redondo. Beltza, Lancina (4), Crowley (2), Serrano (3), Jon Vázquez (2), Jaime Mancisidor (1).
CANGAS DE MORRAZO: E.Salazar; Adrián Menduiña (2), Muratovic (1), Simic, Angel Rodríguez, Potic (3), Pablo Castro. Pedro Henrique, Vujovic, Simes (2), Pousada (1), Jesús Soliño (3), David Soliño (1) Cancio, Cerqueira (5), Chapela (4).
MARKAGAILUA: 2-2, 5-3, 8-5, 10-7, 12-09, 14-10 (atsedenaldia); 17-11, 18-13, 21-16, 24-17, 27-21, 29-22.
Zeharo kontrakoak ziren baldintzak gainditu eta Cangas de Morrazo mendean hartu du Bidasoak, Asobal Ligako zazpigarren jardunaldian. Kauldik, Caverok, Salinasek, Azkuek eta Ledok ez dute parte hartu, lesioen ondorioz. Eta Muiña eta Crowley, taldekideei atsedena emateko moduan besterik ez dira egon. Egoera kaskar horretan, ligaren hasieran maila ona eman duen talde galiziarrari aurre egin behar izan diote horiek. Defentsan, ohiko jokalariak aritu dira, eta lan horretan emandako mailan egon da garaipenaren gakoa. Erasoan, Eduard Nonó izan da eguneko izarra, hamaika gol egin baititu. Leo Renaudek ere maila ona eman du, aurten orain arte erakutsi duena baino askoz hobea. Borja Lancina bikain aritu da taldearen gidaritzan.
Lau goleko abantailarekin iritsi da Bidasoa atsedenaldira. Errenta erosoa izanik ere, pentsatzekoa zen bigarren zatian taldeak behera egingo zuela, fisikoari dagokionez. Indartsu hasi da ordea, eta 52.minutuan, Nonó gelditzen saiatu da Cangas, mista baten bidez. Ez zaio ondo atera, ordea, horrek hutsuneak utzi dizkielako taldekideei. Galiziarrek maila eskasa eman dute defentsan, eta ez dira Bidasoa gelditzeko gai izan. 53.ean mistarekin saiatu dira berriro, baina 27-21ekoarekin, beranduegi zen erreakziorako. Bukaeran, Jaime Mancisidor gaztea sartu du Jacobo Cuétarak kantxan, eta harrobiko jokalariaren golarekin amaitu da partida. Artalekuko zaleak erabat asebetetzeko modua izan da.