Aurkariek baino koska bat gorago amaitu du aurre-denboraldia Hondarribiak
2015/06/22
Bukatu dira probak. Igandean, ekainaren 28an, San Miguel Ligari ekingo dio Hondarribia Arraun Elkarteak, Malagan. Ligako txapeldun izan zen joan den urtean, eta indarrez hasiko da aurten ere. Hori erakutsi du, behintzat, aurre-denboraldiko azken hitzorduetan. Larunbatean Pasai Donibanen irabazi zuen, Orio eta Urdaibai aurkariak mendean hartuta. Zazpi segundoko abantaila lortu zuen Ama Guadalupekoak urdinekiko, eta hamahirukoa horiekiko. Alde esanguratsuak dira, baina ez dute Hondarribia Malagan nagusi izatea bermatzen. San Juan bezperan, taldeen aurkezpena egingo du Hondarribia Arraun Elkarteak, 20:00etatik aurrera, Benta Zaharrean.