Aurkariak estutu dituzte Ezkurdiak eta Barriolak, Uranzuko garaipenarekin
RETEGI BI/MERINO II 10-22 EZKURDIA-BARRIOLA
Eskuz Binakako Txapelketako finalerdietarako txartela lortzeko itxaropena berreskuratu zuen Ezkurdia-Barriola bikoteak joan den astean. Oraingoan, haien hautagaitza indartu dute nafarrek. Retegi Bi(Altuna IIIren ordezkoa)-Merino II menderatu zituzten ostiralean Irungo Uranzu pilotalekuan. Hasiera bizia eman zioten neurketari, eta 0-5 irabazten hasi ziren. 2-5era hurbildu ziren arerioak, baina hori izan zen gutxieneko abantaila, aurrerantzean. Defentsan sendo ibili zen Barriola, eta Ezkurdiak errematerako gaitasuna erakutsi zuen erasoan. Hamabi tanto egin zituen aurrelari arbizuarrak. Garaipenarekin, Bengoetxea VI-Untoria eta Artola-Albisu bikoteak harrapatu dituzte sailkapenean, haiek hamabigarren jardunaldiko norgehiagoka jokatu baino lehen.