Aurkari zuzena mendean hartzeko aukera galdu du Real Unionek, luzapenean
REAL UNION: Txusta, Azkoiti, Aimar, Esnaola, Ribera, Alonso, Urkizu (Morcillo, 90'), Mujika (Iriondo, 82'), Romo, Eizmendi, Barrón (Urbieta, 80').
TOLEDO: Manolo, Garcés, Le Pogan, Echaide, Adrián, Aicart, Esnaider, De Lerma, Esparza (Arroyo, 73'), González (Barcina, 80'), Barranco (Roberto, 60').
GOLAK: 1-0: Barrón (21'). 1-1: Esnaider (90').
EPAILEA: Herrero Arenas. Txartel horiak: Aimar, Esnaola, Mujika (Real Union); Echaide (Toledo).
Luzapenean jaso du banakoa Real Unionek, Toledoren kontrako lehia zuzenean. Galen eskuratutako puntuari esker, txuribeltzengandik hurbil jarraitzen du Gaztela-Mantxako taldeak. Hirugarren tokian dago Union, eta laugarrenean Toledo. Baina hiru puntu besterik ez daude bien artean. Multzoko talde onenetakoak dira, beraz, eta Galeko lehia ere maila handikoa izan da. Norgehiagoka gogorra, eta emozioz beterikoa. Txuribeltzek min hartutako jokalarien zerrenda luzearekin heldu diote jardunaldiari. Lehen taldeko hamabost jokalari besterik ez zeuden jokatzeko prest, eta filialeko Ekaitz Jimenez deitu behar izan du Aitor Zulaika entrenatzaileak.
Hala ere, oso lehiakorra izan da etxeko taldea lehen zatian. Bezperako euriak zelaian sortutako putzuek jokoa baldintzatu dute une batzuetan, baloia gelditu egiten baitzen. Ondo aprobetxatu du Alain Barronek 21.minutuan, atzelariari baloia lapurtzeko. Atezaina atetik urrun zegoela ikusita, jaurtiketa ona egin du, baloia sarera bidaltzeko. Golak bultzada eman dio Real Unioni, eta beste zenbait aukera izan ditu hurrengo minutuetan. Eizmendik ezker hegaletik erdirako bidea egin du hurrengo erasoan, baina jaurtiketa ahula egin du ondoren, atezainaren eskuetara. Itxura ona emanez amaitu dute etxekoek lehen zatia.
Bigarrena ere ondo hasi duten arren, denborak aurrera egin ahala, behera egin dute irundarrek, nekearen ondorioz. Azkoitik bigarren gola sartu ahal izan du falta batean, baina kanpora bidali du burukada. Hortik aurrera nagusi izan da Toledo. Gero eta arrisku gehiago sortzen hasi da, eta 70.minutuan gola baliogabetu dio epaileak jokoz kanpokoagatik. Bost minutu beranduago, gelditu ikusgarria egin behar izan du Txustak, korner batean gola ekiditeko. 80.ean, ordea, erabakitzeko auker izan du Unionek. Eizmendik gidatu du kontraerasoa eskuin hegaletik, baloia arean jarri du Urbietaren esku, baina irundarrari langatik gora ihes egin dio erremateak. Hurrengo minutuetan sufritzea egokitu zaio Irungo taldeari. Toledok erasora jo du berdinketaren bila, eta Unionek lan handia izan du arriskua uxatzeko. Sekulako ahalegina egin ondoren, eta garaipena eskura zuenean, banakoa sartu du Esnaider beteranoak buruz. Puntu bakarra bildu du azkenean Real Unionek.