Aukerarik ez du izan Hondarribiak Santoñan
Egutegiko tartetik zailenari amaiera eman dio Estatuko Lehen Mailako Hondarribia Eskubaloiak. Azken hilabeteak utzi duen ondorioa latza da: lau porrot, eta lau puntuko desabantaila aurreko sailkatuarekiko. Azken aurrena da Hondarribia eta bi taldek galduko dute maila denboraldi amaieran. Hiru garaipen besterik ez ditu eskuratu talde berdeak denboraldi osoan. Azkena, azaroaren 30ean.
Santoñara bisitan, De la Hazaren taldeak ez zuen neurketa lehiatzeko aukerarik izan. 14. minutuan 7-6koa zen markagailua. Baina aurrerantzean, etxekoak jaun eta jabe izan ziren. 26.minutuan 18-11koa sartu zuen Unai Tellok, eta bigarren zatiko 3.minutura arte, berdeek ez zuten berriro golik sartu (25-12). Neurketa erabakita zegoen, eta eroso aritu zen Santoña abantailarekin jokatzen. Azken hilabetean galdutakoaren zati bat berreskuratzeko aukera izango du Hondarribiak asteburuan. Donostian ariko da, lau puntu gehiago dituen Egiaren kontra.
Hirugarren aldiz berdindu du Bidasoa Bk
Escolapios taldearen aurka berdindu zuen larunbatean HTG Express Bidasoa Bk Artaleku kiroldegian (28-28). Lautik hiru neurketa berdindu ditu filialak azken hilabetean. Gure Auzuneren eta Ordiziaren artekoa bertan behera gelditu zen. Baina talde arabarrak irabaziz gero, bi puntura hurbilduko litzaioke Bidasoa Bri.