“AUKERA ONA DUGU TALDE ON BATI IRABAZI ETA GURE AURKARIEI ALDEA HANDITZEKO”

2021/03/16
“AUKERA ONA DUGU TALDE ON BATI IRABAZI ETA GURE AURKARIEI ALDEA HANDITZEKO”

Jacobo Cuetarak taldeari lehiaketa eta entrenamendu erritmoa berreskuratzea falta zaiola aitortu du.

Errege Koparen eta astebeteko atsedenaldiaren ostean, Asobal Liga Artalekura bueltan da eta ez nolanahiko neurketa batekin. Sailkapene nagusiko bigarrena eta laugarrena nor baino nor gehiago arituko dira; hau da, Bidasoa eta Balonmano Logroño La Rioja. Azken urteetan Sacyr Asobal Ligako bi talde onenetarikoak bihar aurrez aurre arituko dira. “Eskubaloira oso desberdin jokatzen duten bi talde lehiatuko dira bihar Artalekun”, adierazi du Jacobo Cuetara entrenatzaileak neurketaren atarian.

Bidasoa Asobal Ligako 23.jardunaldia jokatzeko “gogoz” aurkitzen dela adierazi du talde irundarraren teknikariak. Errege Kopako neurketen ondoren, Bidasoak hiru eguneko atsedenaldia izan zuen, baina Cuetararen aburuz, “aste barruan neurketa izanik, ostegunean bueltatu ginen lanera eta beraz, ez da egonaldi luzea izan”. Eskubaloiaz ez da irakurri jakin behar bi taldeak maila izugarria dutela jakiteko; hain zuzen ere, Bidasoa eta Balonmano Logroño La Riojaren artekoa “Asobal Ligan ikus daitekeen neurketetako bat” dela adierazi du Bidasoako entrenatzaileak.

Neurketa garrantzitsua da; batetik, taldeak konfiantza berreskuratu behar duelako eta bestetik, Bidasoak sailkapenean atzetik dituen areriorekiko aldea handitu dezakeelako. “Guretzat aukera ona da talde on bati irabazi eta zuzeneko aurkari bat, are gehiago, puntuetan aldentzeko”, ohartarazi du Cuetarak. Galduz gero, Bidasoak sailkapenean posizio bera mantenduko luke, baina jardunaldiz jardunaldi presio eta zama handiagoa izango lituzke.

Errege Koparen aurretik, Bidasoako jokalari ugari min hartuta edo kolpatuta zeuden eta txapelketan zehar egindako esfortzuaren ondorioz, medikuen lana areagotu zen. Horregatik, gaurko atarikoan Cuetarak onartu du talde irundarra erritmoa berreskuratzeko prozesuan aurkitzen dela: “erritmoa berreskuratzeko lanetan, hiru maila daude; lehena, jokalariak berreskuratu; bigarrena, gerora egonkortasuna eskainiko duen entrenamenduetako erritmoa berreskuratu; eta hirugarrena, lehiaketaren erritmoa berreskuratzea. Lehen fasearekin pozik gaude, jokalariak lesioetatik osatu baitira; orain beste bi faseetan murgiltzea egokituko zaigu”. Erritmo falta izango du Bidasoak, baina taldea osatzen duten partaide guztiak prest izango dira 60 minutuetan zehar emaitzarik onena bilatzeko. Rodrigo Salinas eta Dan Racotea, biak beren selekzioekin aritu dira azken egunetan, taldera batzen azkenak izan dira eta ikusteke dago zer nolako egoera fisikoan bueltatu diren.

Beti saillapeneko lehen postuetan kokatuta dagoen taldea da Logroño

Jacobo Cuetarak honela desfribatu du Logroño taldea: “beti sailkapenetako postuetan kokatuta dagoen taldea da Logroño. Jokalari onak eta handiak dituen taldea da, eskubaloira primeran jokatzen duena. Azken hamar urteetan goi-mailako eskubaloia egin duen taldea da, oso aurkari gogorra”.

Tamaina handiko taldea da Logroño, baina Bidasoa ez da gutxiagorako. Neurketa zirrarragarria aurreikus daiteke eta Cuetararen aburuz, neurketaren gakoak honako hauek izan daitezke: “60 minutuetan zehar taldea egonkor mantentzea oso garrantzitsua izango da. Logroño bezalako talde baten aurka neurketa txiki asko jokatzen dira, horiek garaituz gero, garaipenetik hurbil egon gaitezkeela pentsatzen dut”. Susmoa den arren, Bidasoaren entrenatzaileak neurketak “azken minutuetan erabakitzeko” zantzua duela dio.