Atzeko atetik
Hamabosgarren denboraldiari ekin aurretik utzi behar izan du Oterminek Real Union
“Beti bezain gaizki dago zelaia”, bota du Xabier Oterminek, Stadium Galeko aldageletatik berdegunera daraman atea zeharkatu ondoren. Haserre begiratu du atzera Iñaki Ibargoienek, belarra mozten ari den langileak, adarra jotzen ari zaionari erantzuteko asmoz. Abegia aldatu zaio bisitaria ezagutu duenean. “Xixa! Zer moduz?”, galdetu dio, ilusioz. Besarkada luzea eman dute Oterminek eta Ibargoienek. Urte asko egin dituzte biek Real Unionen. Baina udara osoa eman dute elkar ikusi gabe, eta ez dakite noiz egingo duten topo berriro. Xabier Oterminek, Real Union taldearekin partida gehien jokatu duen futbolariak, kluba utzi baitu.
Uztailaren 13an egin zuen lehen entrenamendua 2015/2016 denboraldiko Real Unionek. Eguneko albistea Xabier Oterminen hutsuneak eman zuen. Atezain beteranoak ez zuen lan saioan parte hartu. Klubaren aktualitatea jarraitu ohi duten komunikabide gehienek azpimarratu zuten Oterminen falta. Jon Irazustabarrena “Txusta” atezaina fitxatu zuen Real Unionek, baina bigarren atezaina behar zuen. Horregatik, eta klubak ezezko argirik eman ez ziolako, taldean jarraitzeko itxaropena zuen Oterminek. Bere kabuz entrenatzen jarraitu zuen, egunero. Jon Tenak Realak utzita Irunen jokatuko zuela jakin zuen arte. “Gogorra izan da udara. Deiren baten zain ibili naiz, baina ez dut azalpen handirik jaso”, argitu du Oterminek.
Hogeita hemezortzi urte dituen arren, sasoian dago zarauztarra, garairik onenetan bezain fin. Beste urte bete egiteko moduan ikusten zuen bere burua. Orain ordea, argi dauka erretiroa hartzeko erabakia: “Nik Real Unionen amaitu nahi nuen ibilbidea. Beraz, ez dut gehiago jokatuko”. Klubaren erantzun argia eduki aurretik, komunikabide batzuek bere erretiroa ziurtzat jo zutela salatu du: “Mingarria izan zen, ni entrenatzen ari nintzelako oraindik”. Konfirmazioaren berri eman ondoren, Real Unioneko harrobian atezainak entrenatzeko proposamena egin diote. Zarauztik, baina, beste eskaintza erakargarri bat jaso du. Nazional mailako jubenilen taldea zuzentzeko aukera eman diote herrian. Erronka ilusioz hartuko duela adierazi du: “Titulua bai, baina esperientziarik ez daukat. Hala ere, aukera polita dela iruditzen zait”.
Oztopoei aurre egin die
2000. urteko udaran iritsi zen Xabier Otermin Stadium Galera, Realaren filialean aritu ondoren. Gerora prestatzaile izango zuen Ricardo Costa taldeko atezain zen oraindik. Costak gogoan du Oterminen etorrera: “Taldekide bat gehiago zen orduan. Konpetentzia, gainera. Dena den, laster utzi ninduen aulkian. Maila bat gorago zegoen Xixa”. Erretiroa hartuta, Irundik kanpo aritu zen Costa. 2006an bueltatu zen, atezainen entrenatzaile izateko. Aurrerantzean, Oterminen ondoan egon izan da beti. Atezainaren dohainez galdetuta, buruz-burukoa azpimarratu du: “Bere indarra, abiadura eta erreakziorako gaitasuna itzelak ziren. 2. B mailan, behintzat, ikusi dudan onenetarikoa”.
Dena den, bilakaerarik handiena, jarreran izan du Oterminek. “Beti izan da lotsatia eta isila. Baina azken urteotan, kapitainaren lana bete du. Erreferente izan da taldean”. Nortasuna zailtasun bilakatu da Oterminentzat, bere ibilbidean zehar. 2008ko udan, esate baterako, taldetik kanpo zegoela jakinarazi zion Iñaki Alonso entrenatzaileak. Erabakiaren arrazoia, Oterminen komunikaziorako gaitasuna “eskasa” zela. Azkenean taldean jarraitu zuen, Xabier Jauregik jasan zuen lesioaren ondorioz. Edonola ere, izaera itxi hori, atezainaren arazo handiena izan dela berretsi du Ricardo Costak: “Bere burua saltzen jakin izan balu, 2.B mailatik gora jokatuko zukeen”. Hala ere, Oterminen hoztasuna, apurtu egiten da konfiantzazko harreman hurbiletan. “Oso gizon umoretsua da. Txantxetan eta adarra jotzen ibiltzea gustatzen zaio”, aipatu du Costak.
Amaiera gazi-gozoa
Zorigaiztoko oroitzapena dakarkion atea aukeratu du Oterminek argazkiak ateratzeko. Kanpokoen aulkiari begira gogoratu du 2005ean Lorca taldeko Ramosek zelai erditik sartu zion gola: “Buelta asko eman nizkion golari. Baina konturatu nintzen futbola ez zela han bukatuko, eta aurrera egiteko, hura baztertu behar nuela”. Jende askok, ordea, ez zuen hala nola ahaztu. Ricardo Costak uste du, kritika bidegabeak jaso zituela Oterminek: “Hasteko, uste dut halako jokaldi batean atezainari dagokion lekuan zegoela. Baina zama horrekin bizi behar izan du aurrerantzean. Pena da, gehiago gogoratzen delako gol hura, igoeraren urtean Sabadellen gelditu zuen penalti erabakigarria baino”.
Denetarik bizi izan du Xabier Oterminek, Real Unionen egin dituen hamalau denboraldietan: play off-etan zapuztutako ilusioak, Errege Kopako balentriak, Bigarren Mailako esperientzia… Eta bukatzeko, azken denboraldian Federazio Kopa Stadium Galen altxatzeko aukera. “Oso ederra izan zen”, onartu du atezainak. Ondoren, baina, erretiroa hartzeko unea heldu zaio Otermini. Triste utziko duen arren, Real Union “barru-barruan” eramango duela baieztatu du. Stadium Galeko zaleek ere ez dute Xabier Otermin ahaztuko. Klubaren historian sartu da, partida gehien jokatu duen futbolaria baita. 444 neurketa ofizial izan dira, guztira. “Sinestezina da, eromena, gaur egungo futbola nolakoa den kontuan hartuta”, nabarmendu du Ricardo Costak. Klubak omenaldia egingo diola pentsatu nahi du atezainen entrenatzaileak. Momentuz, zaratarik atera gabe utzi du Oterminek Real Union. Beti bezain isil eta apal.