Atsedenaldira arte eutsi dio Erroibidek liderrari
ERROIBIDE-IRUN: Izaro Alza (4), Cristina Gonzalez (10), Leticia Martinez (13), Maialen Ramirez (5), Oihane Borreguero, Saioa Altzaga, Leire Oregi (4), Nerea Saenz (4) eta Saray Arozena (4).
Emakumeen Lehen Mailako liderra hartu zuen igandean Erroibidek Artaleku kiroldegian. Bi partida besterik ez ditu galdu Donosti Basket Bera Berak denboraldi osoan. Irunen ere, sendotasun horren arrazoia erakutsi zuen. 0-9 irabazten hasi ziren donostiarrak. Ganix Miron entrenatzaile irundarrak hutsartea eskatu zuen, eta eragina izan zuen neskengan, 7-10 bukatu zutelako lehen laurdena.
Bigarrenean ere lehiari eutsi zion Erroibidek, baina hirugarrenean norgehiagoka hautsi zuen kanpoko taldeak, 9-20 partzial esanguratsuarekin. Azken ahalegin batean, desabantaila apur bat murriztea lortu zuten etxekoek. Hala ere, garaipen argia izan zen donostiarrena. Hurrengo jardunaldiko partida ostegunera aurreratu dute Erroibidek eta Leioak. Zazpietan jokatuko dute irundarrek Bizkaian.