ATSEDENALDIAREN OSTEAN, GARAIPENA
Hendaiako Estadioak garaipen garrantzitsua erdietsi zuen Saint Paul le Daxen aurka (21-6) eta zazpigarren postura igo da taldea. Neurketa markagailuak adieraztean duena baino gogorragoa izan zen.
Denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten ‘xuriek’ igandean Ondarraitzen. Berez, Saint Paul le Daxen aurkako partida etxetik kanpo jokatzekoak ziren, baina, Covida dela-eta, Hendaiako zelaian jokatzeko eskaera egin zuten eta Federazioak onarpena eman zuen. Aukera paregabea zuen Hendaiako Estadioak garaipen garrantzitsu bat erdietsi, taldearen sentsazioak hobetu, urduritasunak lasaitu eta sailkapenean igotzeko. Eta aukera ez zuten galdu.
Neurketaren amaierako emaitza 21-6koa izan bazen ere, neurketa oso zaila izan zen etxeko taldearentzat. Saint Paul le Daxek taldea hasupotzeko nahian jende asko eraman zuen Ondarraitzera, eta horrekin batera, kondizio metereologiko kaxkarrek neurketa gogorra bilakatu zuten igandekoa. Kanpoko taldeak punturik batu gabe iritsi zen Ondarraitzera eta hasieratik, denboraldiko lehen puntuak batzeko helburuarekin irten ziren zelaira. Defentsa gogorra burutu zuten eta lehen zatian, behintzat, Hendaiako Estadioak ezin izan zuen eroso erasotu. Lehen zatian, bi taldeetatik inork ez zuen entsegurik gauzatu, 3-6 bukatu ziren lehen 40 minutuak eta puntu denak zigor-kolpeetatik heldu ziren.
Bigarren zatian, Saint Paul le Daxek indarra galtzen hasi zen eta Hendaiako Estadioa hobe kokatzen joan zen zelaian. Neurketaren agintea etxeko taldeak hartu zuen, baina entseguak ez ziren neurketako azken laurdenera arte gauzatu. 62.minutuan lortu zuten lehen entsegua erdiestea, bigarrena 71.minutuan izan zen, eta hirugarrena eta azkena neurketako amaieran. Beraz, ozta-ozta lortutako garaipena izan zen.
Gauzak horrela, Hendaiako Estadioak garaipen estu baina baliotsu honekin sailkapenean zazpigarren postura igo da eta zortzi punturekin sailkapeneko postu erosoetan kokatu da. Datorren igandean, beste behin eta hirugarren aldiz jarraian Ondarraitzen jokatuko dute, sailkapeneko bigarrena den Peyrehorade taldearen aurka.