Ate irekien eguna ospatuko dute Plaiaundin Txingudi Rugby Taldeko emakumeek

2024/09/18
Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako, irailaren 21era. Goizean entrenamendu saio ireki batzuk izanen dituzte eta bazkalondotik, aurredenboraldiko lehen lagunartekoa jokatuko dute Biok Txingudik eta Bera/Bera Ordizia taldeek.
Ate irekien eguna ospatuko dute Plaiaundin Txingudi Rugby Taldeko emakumeek
Txingudi Rugby Taldea

Urriaren lehen asteburuan aurreikusten da Euskal Ligaren hasiera, baina dagoeneko aurredenboraldiko prestaketak hasi dituzte Txingudi Rugby Taldean. Tartean ate irekien eguna ere ospatuko dute larunbat honetan, irailaren 21ean, klubeko emakumeek, jende gehiago batu dadin entrenamenduetara. Horrez gain, ortzegun honetan, irailaren 19an, taldearen babesle nagusiari, Biok Experiential Shopping markari, bisita eginen diote klubeko ordezkariek. 

Larunbat honetan, irailaren 21ean, emakumeen errugbi eguna ospatuko du Txingudi Rugby Klubak Plaiaundin, ate irekiko saio baten moduan. Horretarako, egun osoko egitarau prestatu dute klubean. 10:00etan hasiko da programa, eta orduan ongi etorria eginen diete Biok Txingudiko jokalariek Plaiaundira hurbiltzen diren guziei. Hain zuzen ere, ate irekien saio honetan parte hartzera adin guzietako, baldintzak fisiko guzietako eta jatorri edo abilezia guzietako emakumeak gonbidatuak egonen dira egunean zehar eginen diren ekintzetara parte hartzeko. 

Ondotik, 11:00etan, joko eta dinamika desberdinak eginen dituzte kirolaren arlo ezberdinak azaltzeko eta 12:30ean, bosnakako taldeetan banatuko dira euren arteko partiduak ospatzeko. Hori bukatuta, 14:00etan, bazkaria eginen dute eta arratsaldean, 17:00etan, aurredenboraldiko lehen lagunartekoa jokatuko dute Biok Txingudik eta Bera Bera/Ordizia taldeek. Eguna bukatzeko, hirugarren denboraz gozatzeko aukera ere izanen dute emakumeen errugbi egunean parte hartzen dutenek. 

Harrobiko taldeek ere lagunartekoak jokatuko dituzte

Txingudi Rugby Klubeko harrobiko taldeek ere aurredenboraldiko lagunartekoak jokatuko dituzte asteburu honetan. 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldea Ordizian izanen da larunbat goizean eta 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan berriz, Hernanin egun berean. Leku berean 14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldea egonen da, baina hauek igandean jokatuko dute lagunartekoa. 

Gizonen senior mailako taldeak berriz, ez du asteburu honetan partidurik jokatuko. Pasa den asteburuan Donostian izan ziren Zaisa Txingudiko jokalariak Jose Luis Peña “Toci” kopa jokatzen, Atletico San Sebastian eta Sortzen B taldeen kontra.