Asteburu txarra izan du Leka Eneak
2017/03/10
Garaipen bakarra ere ez dute lortu, joan den asteburuan, Leka Enea mahai tenis elkarteko talde nagusiek. Gizonezkoen Superdibisioko taldeak 1-4 galdu zuen ostiralean etxean, Cajasur Priego indartsuaren aurka. Bigarren sailkatua nagusi izan zen Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan. Sailkapeneko seigarren tokian daude Leka Eneako gizonak, Europarako txartela ematen duen azkenekoan.
Emakumeen Superdibisioko taldeak jardunaldi bikoitza izan zuen, Katalunian. Etekin eskasa atera zion bidaiari, puntu bakarra ere ez baitzuen bildu. Vic eta Calella taldeen kontra galdu zuten emakumeek. Sailkapeneko zortzigarren postuan daude momentu honetan, eta gero eta zailago dute Europako lehiarako sailkatzeko helburua.