ASTEBURU KRUDELA
Azken aurreko postuan eta jeitsierarekin bukatu du denboraldia Hondarribia Arraun Elkarteak.
Denboraldi amaiera gazia bizi izan du Hondarribia Arraun Elkarteak. Emakumezkoak maila galdu eta ETE Ligan aritu beharko dira hurrengo denboraldian; gizonezkoak, berriz, hirugarren eta azken aurreko postuan bukatu du Bermeo eta El Corte Ingles banderen azken edizioak.
Lau urte emakumezkoen arraun talde onenen artean igaro ostean, Hondarribia Arraun Elkarteak maila galdu eta datorren denboraldian ETE Ligan ariko da. Tolosaldea izan da bi jardunaldietan indartsuena, Deustu bukatu du bigarren, Hondarribia hirugarren eta Cabo laugarren.
Iker Kortesen arraunlariek egun traketsa izan zuten Bermeon, erlojupekoa lehen postuan hasi zuten, erreferentziarik gabe eta garesti ordaindu zuten. Tolosaldeak 17 segundutan eta Deustuk 7-tan hobetu zuten Hondarribiaren helmugako denbora eta egoera iraultzeko nabarmen zaila jarri zioten talde berdeari. Gaurko estropadari dagokionean, Hondarribiak ezin izan du Tolosaldearen helmugako denbora hobetu, tolosarrak bi egunetan indartsuenak izan dira. Orain, denboraldia ETE Ligan egin beharko du ‘Ama Guadalupekoa’-k, behetik gora egiteko abagunea.
Eusko Label Ligako bigarren postuan bukatu du sasoia Hondarribia Arraun Elkarteak. Denboraldia oso ona izan da, Hondarribiak erakutsitako mailaren ondorioz, ‘Sotera’-ren denboraldia garrantzian biderkatu du. Dena den, krudelegia izan da sasoi amaiera. Kontxako Estropada ehunenekoengatik galdu ostean, Bermeon hirugarren egin zuen ‘Ama Guadalupekoak’ eta gaur, lehen kalearengatik kondenatuta, azken aurreko postuan sailkatu da, Caboren aurretik bukatu du.
Getaria eta Kaiku Eusko Label Ligara, Hondarribia B ARC 1-era.
Eusko Label Ligako playoffetan Getaria eta Kaiku gailendu dira. Lehen jardunaldian, gipuzkoarrek egin zuten denborarik azkarrena; bigarrenean, aldiz, bizkaitarrek. Euskal Herriko bi talde mailaz igo direnez, ARC 1 mailako playoffetako bigarren sailkatuak ere igoera erdietsi du. Talde hori, Hondarribia B ontzia da. Zuzenean ez bada izan, gazteek egin zuten denboraldi amaiera zorgarriak, sasoia bukatu eta hilabetera, emaitzak jaso ditu.