“ASTE ERABAKIORRA IZAN LITEKE”
Dicsa Modular Cisne jasoko du bihar Artalekun (19:00) eta igandean, etxetik kanpo, Blasgon Bodegas Ceres Villa de Arandaren aurka jokatuko du (11:45).
Bihar, Cisneren aurka Artalekun.
Asteko lehen eta biharko aurkaria Dicsa Modular Cisne talde galiziarra izango da. Sasoi honetan 9 puntu eskuratuta, denboraldi honetako azken sailkatuak da eta Bidasoaren aurka galduz gero, maila galduko luke. Egoera hori ekidin nahiko du talde galiziarrak, mila traba jarriko dizkio Jacobo Cuetarak zuentzen duen taldeari. Hain zuzen ere, teknikari asturiarrak Cisne gutxiestea “akatsa” litzatekeela uste du: “Lehen itzuliarekin alderatuta, Cisnek bere jokoaren irizpide batzuk aldatu ditu. Jokalari berrien sarrerarekin-Guilherme Valadao eta Oleksandr Nekrushets, kasu- eta Gonzalo Carroren berreskuratzearekin, aldaketa ugari egin ditu talde galiziarrak bigarren itzulian eta, era berean, jokoan eragina dute. Fitxaketekin jaurtiketa hobetu du taldeak, banakako jokaladiak ugariak izaten dira beren jokoan eta defentsan aurre hartzeko gaitasun handia duen taldea da”.
Horren aurka, Jacobo Cuetararen aburuz, talde irundarrak planteatu beharko lukeen neurketa honako hau litzateke: “beti bezala, gure maila eman behar dugu; 60 minutuak partiduan zentraturik egon beharko gara eta defentsa lanetan erosotasuna lortu behar dugu. Lehiakortasun puntu hori izanik, konfiantza dut bi puntuak etxean geratu litezkeela”.
Nola edo hala, Cuetarak “bihar bi puntuak lortu behar direla” adierazi du. “Igandeko neurketaren aurretik, lehenik eta behin, biharko neurketan zentratu behar gara. Biharkoan %100 zentratuta egon beharko gara; izan ere, Sacyr Asobal Ligan edozein taldek zailtasunetan jar diezazuke”, jarraitu du. Hala ere, teknikari asturiarrak bigarren postua ia erabakita uzteko, aste honetan jokoan jarriko diren lau puntuak eskuratzea “erabakiorrak” izan daitezkeela onartu du.
10 eguneko atsedenaldiaren ondoren, Bidasoak “nahi bezain gustura” entrenatu ez duela ohartarazi du Cuetarak: “lehen taldeko eta bigarren taldean bajak izan ditugu eta Dan Racotea Errumaniako selekzioarekin aritu da. Entrenamenduetako jokalari kopurua gutxitu da, baina horiek forman iristeko lan ona egin dute”.
Deialdia.
Talde justuarekin, 14 jokalarirekin aurre egin beharko dio biharko erronkari. Ilcapo Hondarribiak, Bidasoaren harrobiko taldeak, Euskadiko Senior Ligako bertan beheran geratu zen final-erdietako joaneko neurketa jokatu behar du bihar Bilbon eta Cuetarak zein talde teknikoak, urtean zehar Bidasoarekin entrenatzen aritu diren jokalariak bigarren taldearekin aritzea adostu dute. Cuetararen hitzetan, “Bidasoarentzat harrobiko taldeak jokatzen duen neurketa oso garrantzitsua da. Helburuetako bat mailaz igotzea da eta, horretarako, jokalari guztiak behar dituzte”.
Horrela, 14 jokalarik osatuko dute Bidasoaren deialdia. Gaur bertan ebakuntza egingo dioten Kauldi Odriozola deialditik kanpo jarraituko du eta Sergio de la Salud jokatzeko zalantza da.
Garaituz gero, errekor berria.
Aurreko jardunaldian, Bidasoak etxetik kanpo Benidorm garaitu ostean, 2018-2019 denboraldiko puntuazio marka berdindu zuen. Egun, 45 punturekin sailkapeneko bigarrena da Bidasoa eta irabaztekotan, 47 puntu batzeaz gain, inoizko bigarren puntuazio onena eskuratuko luke. Beti ere, datu horiek guztiak 30 jardunaldiko epean kokatuz.