Asobal Ligan jarraituko du Bidasoak

2017/05/20
Asobal Ligan jarraituko du Bidasoak

BIDASOA: Dejanovic, Vazquez (3), Nonó (3), Kauldi (10), Borragán, Serrano (4), Azkue (7). Zubiria, Cavero (1), Cristian (1), Beltza, Aldaba (1), Muiña (2), Basaric, Popovic, Lancina (2).

VALLADOLID: Díaz, Turrado (1), Hernández (6), Río, Serdio (3), Miguel Camino (3), Rodríguez (5). Diego Camino (2), López (1), De la Rubia (1), César Pérez, Roberto Pérez (1), Matías (5), Serrano (4), Lorasque, Dujshebaev.

MARKAGAILUA: 2-1, 4-4, 4-8, 7-11, 11-14, 15-16 (atsedenaldia); 17-19, 21-24, 24-26, 29-29, 31-30, 34-31.

Azken aurreko jardunaldian erdietsi du Bidasoak denboraldiko helburua. Bolada txarra izan du azken hilabetean, baina Valladolid Artalekun gaindituta, Asobal Ligan segiko duela ziurtatu du. Norgehiagoka zaila izan da, bidasoarren urduritasunaren eta arerioaren eskubaloi mailaren eraginez. Lehen zatian, Valladolid nagusi izan da, eta bost goleko abantaila ere eduki du, 5-10ekoarekin. Hutsartea eskatu behar izan du orduan Jacobo Cuétarak, 16.minutuan. Atsedenaldiaren aurreko minutuetan hobera egin du etxeko taldeak, eta 15-16ra gerturatu da.

Bigarren zatia ondo hasi da, Dejanovicen gelditu baten ondoren, Azkuek markagailua berdindu baitu, zazpi metrotako arrastotik (16-16). Hala ere, azken bost minutuetara arte, Valladolidek eduki ditu abantaila gehien-gehienak. 31-30ekoa sartu du Kauldik orduan, taldearen defentsako lan onaren ondoren. Zumaiarra izan da azken txanpako protagonista, Zubiria atezainarekin batera. Bi jaurtiketa gelditu dizkie usurbildarrak Hernándezi eta Serdiori. Kontraerasoetan, Kauldik ez du barkatu. Azken lau golak sartu ditu zumaiarrak, bidasoarren garaipena bermatzeko. Jokalariek eta zaleek bat egin dute partidako une askotan, eta amaieran ere, elkarrekin ospatu dute lorpena.