Asier Zubiriak eskubaloia utziko du
Asier Zubiria (Usurbil, 1981) Bidasoa-Irun eskubaloi taldeko atezainak kirol profesionaletik erretiroa hartuko duela jakinarazi du. Denboraldi bukaerara arte taldean ariko da, baina ez gehiago. Sasoia amaituta ohar baten bidez komunikatzea zen bere asmoa. Eta joan den denboraldian jada, eskubaloia uztekotan egon zen. Baina Dejanovic atezaina joan zela ikusita, eta Ledo gaztea izanik, klubak galdegin zion urte bat gehiago segitzea, eskarmentua duelako.
Aurtengo urtarrilaren 30ean Rangel atezaina fitxatu zuen klubak, eta egoera berri horren aurrean, dagoeneko hartua zuen erabakia komunikatzea deliberatu du. Hogei urte egin ditu eskubaloi profesionalean, horietatik hamabi Bidasoan, bi aro ezberdinetan. 1998tik 2003ra, lehenengo, eta 2012tik aurrera, ondoren. Tartean, Espainiako estatuko beste zenbait taldetan aritu da. Europako lehian aritu da, tituluak irabazi ditu, baina gehien asebete duten lorpenen artean dauka Bidasoa Asobal Ligara igo izana. Kluba goi mailan utzita, lasai utziko du eskubaloia.