Hondarribiko San Silbestrea solidarioa beti bezala
Kirola eginez eta elkartasun ekimen batekin bururatuko du Hondarribiak urtea. XV. San Silbestre lasterketa solidarioa antolatu du SportMundi erakundeak Hondarribiko Udalaren laguntzarekin abenduaren 31n. Eta aurtengoan dortsalen salmentatik bilduko den dirua AFAGI Alzheimer Gipuzkoa erakundera bideratuko dute. Lupe Queiruga Kirol arloko zinegotziak halako ekimenen garrantzia azpimarratu du urteko azken egunean izanik «jaigiroan ospatzen delako batetik, eta bestetik solidarioa delako», baina bereziki elkartasun ekimen bezala, urtero lagundu ohi den elkartearentzako garrantzitsua delako.
Kasu honetan, AFAGI alzheimerra eta beste dementzia mota diagnostikatzen dieten senideak laguntzen dituen elkartea da. «Familientzako euskarri den elkartea aholkularitza, formakuntza, arreta, hau da, babesa ematen dien elkartea da» argitu du, «askotan sistemak asetzen ez dituen beharrak abordatzen dituen elkartea».
Zentzu honetan, Iñaki Olalde, AFAGI elkarteko ordezkaria eskertua azaldu da lasterketaren antolatzaile eta babesle guztiekin. Eta elkartearen oinarrizko helburuak ez ezik, halako ekimenek haien errealitatea gizarteratzeko baliagarria zaiela argitu du. «Bizi kalitatea laguntzea da gure helburua, eta San Silbestre solidarioa ospatzeak elkartasunaz gain, gaixotasun hauek ikusarazteko zita nahiko genuke izatea, dementzia hauek nahiko estigmatizatuak daudelako oraindik ere», esan du Hondarribiko udaletxean egindako aurkezpenean.
Horiek hala, Urtexar egunean 16:30ean izango da 6,2 kilometroko ohiko ibilbidea duen lasterketa. San Pedro kalean izango ditu abiapuntu eta helmuga. Antolatzaileek gogoratu dutenez, dortsalak 20 eurotan eskura daitezke www.kirolprobak.com plataforman, eta hauek jasotzeko abenduaren 29an (9:00etatik 13:00era) eta abenduaren 30ean (16:30etik 20:00etara) banatuko dituzte Hondartza kiroldegian. Gehienez ere 2.000 lasterkari onartuko dituzte, eta momentuz 1.500 lagunek izena eman dute. Juanan Garcia, Sportmundi elkarteko ordezkariak nabarmendu duenez, orain arte izena emandakoen %40a emakumezkoa da.
Sportmundi erakundeak 25 urte ebtetzen ditu aurten, eta otsailaren 8an urtemuga ospatzeko ekitaldi bat antolatuko dute Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan. Azpimarratu duenez, mende laurden honetan San Silbestre lasterketan bezala, kirol ekimen solidarioen bitartez milioi bat eurotik gora bideratu dituzte mundu zabalean kooperazio proiektuak eta eragile sozialak laguntzera.