Asier Nietok ez du Bidasoa Irunekin jarraituko heldu den denboraldian
«Erabaki zaila izan da, datorren urtean ez dudala Bidasoan jokatuko, hiru urte egingo ditut hemen asko hazi naiz jokalari bezala, asko ikasi dut eta beste esperientzia berri bat probatu nahi dut», argitu du Asier Nietok. Jokalari bilbotarra (Etxebarri) 2022an iritsi zen Bidasoa Irun taldera, Bada Huescan lau urtez eta aurretik ere Alcobendas taldeetan egindako ibilbide oparoaren ondotik. Aurretik ere, Torrelavegan aritu zen 2015/2016 denboraldian, BM Barakaldotik iritsita.
Bidasoara 2022an iritsi zenetik 80 partida jokatu ditu momentuz, aurreko marka guztiak hobetuz, izan ere, orain artean 393 gol egin ditu. Zifrak hobetzeko aukera izango du gainera denboraldi bukaera arte oraindik. Aurten ASOBAL Ligan 69 gol egin ditu eta beste 32 EHF Europako Ligan jokatutako 6 partidetan. Hala ere, honakoa ez du agurra gisa bizi nahi. «Ez dut nahi honek agur zantzua hartzea, klubean hilabete asko geratzen zaizkidalako, eta uste dut oso hilabete politak oraindik gainera», gaineratu du.
Denboraldi bukaeran baina, eta 27 urte dituela beste esperientzia bat bizitzeko erabakia hartu du. Frantziako lehen mailan aritzeko aukera suertatu zaio “Les Irreductibles” ezizenez ezaguna den Cesson Rennes Metropole taldean. Aurten zailtasunetan dabil beheko postuetan, baina Europan jokatzen ari da. «Interesatu zitzaidan proposamen bat jaso nuen, beti izan dut buruan kanpora ateratzen probatzea eta proposamena onartzea erabaki nuen», dio Nietok.
Espainiako selekzioarekin junior mailan aritutakoa, 2016 eta 2017 urteetan Junior mailako Mundiala eta Europar txapelketetan urrezko dominak eskuratu zituen. Eta Jordi Riberaren selekzio absolutoarekin ere debutatu zuen 2022an Aljerian irabazitako Mediterranear Jokoetan.