ASIER NIETO ETA MIHAJLO MITIĆ BIDASOAKO JOKALARI BERRIAK
Gurutz Aginagalde presidenteak Bidasoako ezker eta eskuin hegaleko jokalari berriak aurkeztu zituen prentsaren aurrean
Bidasoak pasa den astean hasi zituen aurredenboraldiko lehen entrenamenduak, baina atzo goizean egin zuen aurtengo taldeko bi jokari berrien aurkezpen ofiziala. Hain zuzen ere, Gurutz Aginagalde presidenteak Asier Nieto eta Mihajlo Mitić aurkeztu zituen Artalekun egin zuten prentsaurrekoan.
Gurutz Aginagaldek, Bidasoaren izenean, Asier Nieto eta Mihajlo Mitić-i ongi etorria egin zien taldeak atzo goizean zuen asteko lehen saioaren aurretik. Ezker eta eskuin hegaleko bi jokalari berriak klubarentzako “garrantzitsuak” izanen direla azpimarratu zuen presidenteak “esperientzia handia duten bi jokalari” baitira bere erranetan. “Mitić-ek Cangasen eta Puente Genilen maila ikaragarria eman du azken urteetan. Bertze aldetik, aspaldidanik izan dugu Asier Nieto hona ekartzeko intentzioa eta azkenean etorri da eta jokalaria garrantzitsua da guretzat. Azpimarratu nahiko nuke berak pertsonalki egin duen esfortzua hemen egoteko. Ziur nago bi jokalariek ere asko lagunduko dutela kluba hazten jarraitzeko”, adierazi zuen Aginagaldek.
Hegaletako bi jokalariek beraien poztasuna erakutsi nahi izan zuten atzoko agerraldian eta Bidasoan aritzea aukera paregabea izanen dela jakinarazi zuten biek ere. Asier Nietok hasiera batean Huescan jarraitzeko intentzioa bazuen ere, urteetan garatzen joan den aukera egi bilakatuta, “klubarekin hitz egin eta dena konponduta, Irunera etortzeko momentua dela sentitu nuen, nire ibilbidean jauzi izugarria baita”, erran zuen. Nietok, gainera, anaiarekin jokatzeko aukera izanen du aurtengo denboraldian: “Berezia eta desberdina izanen da. Aurretik ez dugu inoiz elkarrekin jokatu, baina beste taldekide bat gehiago izanen da niretzat eta kantxan elkar ulertzen ikasi beharko dugu”.
Asier Nieto Mediterranear Jokoetako txapeldun bilakatu da berriki selekzioarekin eta orain, Bidasoarekin Europan aritzeko motibazio berezia sentitzen duela aipatu zuen: “Bidasoara etortzeko arrazoietako bat Europan aritzea da ni bezalako jokalaria batentzat. Multzo Fasean sartzea izanen da gure helburua, hori ona izanen baita klubarentzat eta Artalekurentzat”. Denboraldi berri honen inguruan galdetuta, Nietok “talde ona osatu dugu eta lehiakortasuna mantentzen ahal dugula uste dut”, aurreratu zuen.
Eskuin hegaleko jokalari serbiarrak ere Irunera etortzeko “ilusio berezia” zuela azpimarratu zuen, “Asobal Ligako klub onenetako bat” delako. Mitić-ek jokalari osotzat du bere burua eta “bai defentsan bai erasoan ere” moldatu daitekeela jakinarazi zuen: “Uste dut hori taldeak eta entrenatzaileak aprobetxatu dezaketen abantaila dela”. Lehen aste honetan Bidasoan ikasi duen defentsa, aurretik ezagutzen zuenarekin alderatuta, oso desberdina dela aipatu zuen serbiarrak. Hala ere, “kontzeptua ulertzen dut eta seguru nago poliki-poliki ikasten eta egokitzen joanen naizela”, erran zuen. “Defentsan erantzun dezaketen jokalari asko ditugu, baita txandakatze asko ere. Lan eginda, alde horretan ongi erantzungo dudala uste dut”, azpimarratu zuen Mitić-ek.