Artalekutik irtengo da Asobal Ligarako trena
Etxean ariko da Bidasoa, goi mailara bueltan eraman dezakeen fasean
Asobal Ligara igotzeko lauko finala jokatuko du Bidasoa-Irunek, ekainaren 4an eta 5ean. Etxean izango da, Artaleku kiroldegian. Jokalekua eta zaleak alde izango ditu talde irundarrak, Ohorezko Mailara bueltatzen saiatzeko. Horixe izan da taldearen helburua denboraldiaren hasieratik, eta gorabehera handiak pasa ondoren, aukera ederra du, parez-pare. Azken ahalegina besterik ez zaio falta.
Liga irabazteko eta igoera zuzena lortzeko motibazioarekin heldu zion Bidasoak 2015/2016 denboraldiari. Lehen jardunaldietan, erronka hori lortzeko moduko taldea eta gaitasuna zituela erakutsi zuen. Arerio gogorrak topatu ditu, ordea, aurtengo ligan. Valladolidek Ohorezko B Mailako errekorra hobetu du, puntuei dagokienez. Partida bakarra galdu du, eta beste bat berdindu. Gainerako lehia guztietan garaile izan da, 57 puntu pilatuz. Bidasoak 51 lortu ditu, aurreko urte gehienetan liga irabazteko adina. Aurtengoan, ordea, huts egiteak gogotik ordaindu ditu.
Sailkapeneko bigarren tokia, eta ondorioz igoera fasea antolatzeko aukera ere, azken unean lortu ditu Bidasoak. Hirugarren postuan ekin zion azken jardunaldiari, maiatzaren 21ean. Bere neurketa irabazita ere, Palma del Rioren emaitzaren mende zegoen. Emozioz beteriko jardunaldia izan zen. Bidasoak Zamora laugarren sailkatuaren etxean irabazi zuen (24-31). Eta Palma del Riok, gol bakar bateko aldearekin galdu zuen Ciudad Real hiriko Quijote Arenan (25-24). Ciudad Realek play off-erako txartela lortu zuen horrela, eta bide batez, Bidasoari mesede egin zion.
Garaipen handi baten moduan ospatu zuen Bidasoak Quijote Arenako partidaren amaiera. Ligako azken jardunaldietan izandako beheraldiaren ondoren, azken momentuan “euforia” unea bizi izan zutela onartu du Asier Zubiria kapitainak: “Datorrena prestatzeko beste poztasun bat eman zigun. Entrenamenduetako giroan nabari da”. Konfiantza ere berreskuratu zuten horiek Zamoran, norgehiagoka txukuna egin baitzuten: “Zalantza eta hutsune batzuekin joan ginen Zamorara. Baina azken aldian jokatu dugun partidarik onena atera zitzaigun. Jendeak oso lasai jokatu zuen”.
Hirugarren play off-a, lau urteko epean
Esperientzia du jada Bidasoak lauko finalean. 2012/2013 denboraldian jokatu zuen lehena, aurreko urteetan Ohorezko B Mailari eusteko larri ibili ondoren. Fase hura ere Bidasoa aldean antolatu zuen, Hondarribiko Hondartzan, eta Artalekun. Finalera heldu ziren irundarrak, baina Puente Genilen aurka galdu zuten. “Talde gazteegia genuen, esperientzia eskasekoa”, gogoratu du José ángel Sodupe presidenteak. Azkenean, Atlético de Madrid taldea desagertu zenez, hurrengo urtean goi mailan jokatzeko aukera izan zuen Bidasoak. Baina beranduegi iritsi zen konfirmazioa, eta Ohorezko B Mailarako prestatutako talde xumearekin, sufritzea egokitu zitzaion Bidasoari. Ezin izan zion mailari eutsi.
Iaz, Asobalera bueltatzeko moduko taldea eratu zuen, ustez, klubak. Itxaropen handiak piztu zituen taldeak, baina ez zen lehiakorra izan. Play off-erako ozta-ozta sailkatzea lortu zuen, eta Santanderren jokatutako igoera fasean, finalerdian gelditu zen kanpoan. “Hirugarren saiakeran arrakasta izan dezagun espero dut. Jokalariak, behintzat, oso animatuta daude. Bidasoa Asobal Ligara berriro eraman zuten jokalariak izan daitezke”, adierazi du Sodupek. “Horixe da klubari dagokion kategoria”, erantsi du.
Nola aurre egin hitzordu garrantzitsuenari
Aurreko bi igoera faseetan egon da Asier Zubiria atezaina, eta kontuan hartzeko gako batzuk eman ditu: “Horrelakoetan, burua argien duenak, lasaitasun handiena daukanak du irabazteko aukera gehien”. Bi norgehiagoka jokatu behar direla kontuan hartuta, arlo fisikoak eta “freskotasunak” ere garrantzia dutela onartu du Zubiriak. “Alde horretatik, ez dut inolako kezkarik. Azken hiru asteetarako prestaketa zehatza egin dugu, eta taldea sasoian helduko da”, baieztatu du Iñaki Emaldi kirol zuzendariak. Estatistikek diote, askotan, play off-a antolatu duen taldeak ez duela igoera lortu. Hala ere, Asier Zubiriak nahiago du fasea Artalekun jokatu: “Zaleen aurrean aritzeak asko laguntzen du. Gainera, nik kanpoko taldeekin Artalekun jokatu izan dut, eta badakit ez dela batere erosoa”.
Aurten etxean sendo aritu da Bidasoa-Irun. Play off-ean parte hartuko duten beste hiru taldeek, Irunen galdu dute jada. “Horrek konfiantza ematen digu”, aitortu du Zubiriak. Giroa alde izango du Bidasoak, asteburuan, eta segur aski, baita aste osoan zehar ere. Alabaina, kapitainak uste du taldeak ahalik eta isolatuen mantendu behar duela: “Kontzentratuta egon behar dugu, kanpoko zaratatik urrun”. Lasai egoten eta haien eskubaloi mailarik onena berreskuratzen ahaleginduko dira bidasoarrak. Pistara irteten direnean, ordea, eskertuko dute Artalekuko harmailetatik jasoko duten bultzada.
SARRERAK:
Bazkide ez diren haurrak (14 urte arte):
Jardunaldi bat: 15 euro.
Bi jardunaldiak: 20 euro.
Bazkide ez diren helduak:
Jardunaldi bat: 25 euro.
Bi jardunaldi: 40 euro.
Bazkide diren haurrak:
Jardunaldi bat: 10 euro.
Bi jardunaldi: 15 euro.
Bazkide diren helduak:
Jardunaldi bat: 15 euro.
Bi jardunaldi: 25 euro.
ORDUTEGIA:
Larunbata, ekainak 4:
18.00: Bidasoa-Irun – BM. Alarcos Ciudad Real
20.00: ARS Zumosol Palma del Río – MMT Seguros Zamora
Igandea, ekainak 5:
12.00: Hirugarren eta laugarren posturako lehia.
16.00: Finala.