Artalekun gelditu dira derbiko bi puntuak
BIDASOA: Dejanovic, Zubiria, Vazquez (2), Cristian (5), Crowley, Beltza, Villar (3), Kauldi (5), Muiña (10), Bezbradica (1), Mouriño, Davidovic (1), Azkue (4), Gomez.
ZARAUTZ: Ander Atorrasagasti (4), Martinez (1), Josu Atorrasagasti, Agirrezabalaga (1), Lertxundi, Garate (1), Torriko (7), De Carlos, Iraeta (4), Etxaniz, Olaizola (1), Ostolaza, Beristain (1), Iztueta, Ondarra (1).
MARKAGAILUA: 4-1, 7-4, 11-7, 14-10, 14-11, 16-13 (atsedenaldia); 19-15, 21-17, 24-17, 27-20, 28-20, 31-21.
Ohorezko B Mailako derbia jokatu dute Bidasoak eta Zarautzek Irungo Artaleku kiroldegian. Etxekoek irabazi dute, hamar goleko abantaila esanguratsuarekin. Lehen zatian besterik ez dio eutsi Zarautzek Bidasoari. Horiek defentsa sendoa osatu dute hasieratik, eta txuribeltzek ez dute erasotzeko modurik aurkitu. 5.minutuan hutsartea eskatu behar izan du Aitor Urbitartek, egoerari irtenbidea bilatzen saiatzeko (5-1). Hobeto moldatu da Zarautz aurrerantzean. 26.minutuan hurbildu da gehien, Xabat Olaizolak 14-12koa sartu duenean. Hiru goleko desabantailarekin amaitu du, azkenean, lehen zatia.
Bigarrenean, aldiz, agerian gelditu da taldeen arteko desoreka. Aukera ona izan dute kanpokoek, 6.minutuan Bidasoa bi jokalari gutxiagorekin aritu denean, epaileak Beltza eta Muiña kanporatu ondoren. Mista bikoitza planteatu du orduan Zarautzek, Azkueren eta Kauldiren jokoa neutralizatzeko. Ondo moldatu da, hala ere, Bidasoa. 9.minuturako 21-17 irabazten ari zen. Jokalari guztiak berreskuratu dituenean, gogor estutu du Artalekuko taldeak. 5-0ko partziala osatu du Bidasoak, eta 25-17ra ihes egin du. Hortxe erabaki du partida, bigarren zatiko 15.minutuan.
Emozioa galdu du norgehiagokak hortik aurrera. Partidako azken gola, Didac Villarrek ia bere areatik sartu duena izan da ikusleak gehien aztoratu dituena. Bidasoaren interesekoa den beste emaitza bat utzi du, gainera, hamaseigarren jardunaldiak. Palma del Riok Valladolid mendean hartu du. Ondorioz, sailkapena pilatu egin da. Igoera zuzena lortzeko lehian dago, berriro, Bidasoa-Irun.