ARTALEKUK ANIMAZIO HARMAILA IZANEN DU BIGARREN ITZULIRAKO
Bidasoak otsailaren 3an hasiko du denboraldiko bigarren itzulia eta horretarako, zenbait ekimen prestatuko dituzte etxeko neurketak animatzeko
Bidasoa Klubak jakinarazi duenez, denboraldiko bigarren itzuliari begira, Artalekuk animazio harmaila bat izanen du. Klubaren eta Bidasotarrak taldearen artean sortu den lankidetza bat da eta etxeko neurketak ikustera hurbiltzen diren zale gazteei zuzenduta egonen da.
Otsailaren 3an emanen zaio hasiera Plenitude ASOBAL Ligako bigarren itzuliari, Benidorm-en kontra, Artalekun jokatuko den neurketarekin. Zortzi neurketa jokatuko dira bigarren zati honetan Irungo pabilioian eta horiek girotzeko ekimen berri bat prestatu dute Klubak eta Bidasotarrak taldeak elkarlanean. Artalekura joaten diren zale gazteei zuzenduta egonen da batez ere, nahiz eta edozeinek parte hartu ahal izanen duen bertan antolatzen diren jardueretan.
Etxeko partiduak modu berezian bizitzeko aukera emanen du animazio harmaila honek eta horretarako, zenbait jarduera prestatuko dituzte Artalekun jokatzen diren neurketa guztietan. Klubak bere babes osoa emanen dio taldeari, beti ere errespetuzko jarrera erakusten badu, hau da, kirolari guztiak, eskubaloia eta joko garbiaren balioak goraipatzen baditu. Horren harira, irainak eta kirolen kontrako jarrerak lekuz kanpo egonen direla azpimarratu nahi izan dute Bidasoatik.
Harmaila honetan parte hartu nahi dutenek Klubari adierazi beharko diete euren nahia. Doainik izanen da partehartzea eta izena emateko klubaren bulegoetan egin daiteke, baita bidasoa2020@gmail.com helbidera idatzita ere.