ARRAUN LAGUNAK ETA SANTURTZI GARAILE

2021/09/12
ARRAUN LAGUNAK ETA SANTURTZI GARAILE

Arraun Lagunakek lehen jardunaldiko garaipena errepikatu du eta lehen aldiz eskuratu du Kontxako Estropada. Gizonezkoetan, azken 300 metroetan Santurtzi nagusitu zaio Hondarribia Arraun Elkarteari.

Etxean utzi du Kontxako Estropada Donostia Arraun Lagunakek eta Santurtzira bidean jarri du gizonezkoena ‘Sotera’-k, 36 urte igaro ondoren. Udara guztian bezala, Arraun Lagunak, Orio, Santurtzi eta Hondarribia Arraun Elkartea indartsuenak izan dira Donostiako badian, laurek erakustaldia eman dute. Hondarribia Arraun Elkarteari dagokionez, emakumezkoak bosgarren postuan bukatu dute sailkapen orokorra, Tolosaldeak estropada bikaina egin du lehen txandan eta aurre hartu diote. Gizonezkoetan, Mikel Orbañanosen arraunlariek ezin izan dute Santurtziren azken 300 metroetako indarra segitu.

Lehen jardunaldian ez bezala, Donostia Arraun Lagunakek eta Oriok parez pare arraun egin dute gaur. Etxekoek zuten 1,64’’-ren aldea eta ederki defendatu dute. Oriok hasierako metroetan 2 segunduko abantaila lortu du, baina donostiarrek ez dute bere lana baztertu eta ondo jakin dute urduritasuna kudeatzen (10:33,56). Atzetik, Donostiarra eta Hondarribia Arraun Elkartea elkar mokoka zeuden. Ziabogara Orio iritsi da aurretik, baina ez du guztiz ondo eman eta irteterakoan, Donostia Arraun Lagunakek hartu du estropadaren agintea. Azken luzea zirraragarria izan da, Donostia Arraun Lagunak eta Orio lehia mugaraino eraman dute, baina, beste behin, etxeko trainerua erakutsi du aurtengo denboraldian traineru indartsuena izan dela (10:33,56). 2 segundu gehiago atera dizkio Oriori (10:36,24), 15 Donostiarrari (10:48,00) eta 20 Hondarribia Arraun Elkarteari (10:53,12). Ez da Iker Kortesen traineruaren egunik onena izan, gaurko sailkapenean zein orokorrean Tolosaldeak (10:48,46) aurre hartu dio. Lehen txandan Tolosaldeak hasi eta buka estropada bereganatu du eta 46 ehunenekoengatik ez du Donostiarra gainditu. Atzetik, Galiziako Chapela (10:58,10) Hibaikari (11:04,00)eta Deusturi gailendu zaie, sailkapen orokorrean zazpigarren bukatzea lortu dute, Deusturen (11:10,56) aurretik.

48 ehuneneko eskas balio izan dio Santurtziri gizonezkoen Kontxako Estropada bereganatzeko. Lehen jardunaldiko zigorra ahaztuta ekin dio lanari Hondarribia Arraun Elkarteak, baina, azkenean, erabakigarriak izan dira balio gabeko irteera egiteagatik jasotako hiru segunduak. Lehen txandan Donostiarrak eginiko denbora zuten erreferentzia bi ontziek, baita Zierbenak ere, ziabogara arte Santurtzi eta Hondarribiarekin batera aritu baita lanean. Ziabogatik irteterakoan ostera, biren arteko lehian zentratu da bandera, azken 300 metroetan Santurtziren alde erori dena (19:11,03). Hondarribia 2,22’’-ko atzerapenarekin helmugeratu da eta Donostiarrak (+5,51’’), ohorezko txandan lehiatu diren Zierbena (+10,10’’) eta Orio (+16,54’’)baino azkarrago egin ditu 5200 metroak. Hain zuzen ere, oriotarren aurretik, lehen txandako Urdaibai bukatu du bigarren jardunaldiko bosgarren postuan (+15,93’’). Talde galiziarrek, Cabo da Cruzek (+22,99’’) eta Aresek (+52,13’’) sailkapena osatu dute, zazpigarren eta zortzigarren postuan hurrenez hurren.