Argitara atera dute urtetan egindako lana
Gimnasia Erritmikoko Irun Hiria Txapelketa antolatu du A.D.Irunesak, lehen aldiz
Ez ohiko lehiaketa hartu du Artalekuk martxoaren 4ko arratsaldean. Gimnasia Erritmikoko Irun Hiria Txapelketaren lehen edizioa antolatu du A.D.Irunesa elkarteak. Hamabi urtetik gorako 200 haur eta gazte baino gehiago bildu dira kiroldegian. Etxeko klubaz gainera, Euskal Herriko leku ezberdinetako hamazazpi elkarte ere bertaratu dira.
Ilusioz hartu dute A.D.Irunesan, orain arte, hiritik kanpo lehiatu behar izan baitute ia beti. Nerea Badiola (1982) eta Naiara Villanueva (1992) entrenatzaileek bi hamarkada daramatzate elkartean. Haientzat, denbora guzti horretan, bigarren lehiaketa izan da Irunen.
Zein balio izan du zuentzat Irun Hiria Txapelketa antolatu ahal izateak?
NAIARA VILLANUEVA: Ikaragarria. Orain arte ezin izan dugu lehiaketarik antolatu, azpiegitura arazoengatik. Haurren gurasoek kanpora joan behar izan dute beti, haiek lehiatzen ikustera. Txikienen gurasoentzat, batez ere, ikaragarria izan da. Hiru eta sei urte arteko 40 neska ditugu, eta haien gurasoek ikasturte amaierako jaialdian soilik ikusten zituzten, orain arte. Lehen aldiz gozatu ahal izan dute, zuzenean, gimnasia erritmikoko lehiaketa batekin.
NEREA BADIOLA: Maila handiko jendea ekarri dugu, gainera. Saioa Garcia Espainiako txapeldunak erakustaldia eman du. Eta Espainia mailan lehiatzen dabiltzan bi mutil ere eduki ditugu, gimnasia erritmikoa gizonezkoentzat ere zabalik dagoela azpimarratzeko.
Orain arte lehiaketarik antolatu ezin izan badu ere, A.D.Irunesak urteak daramatza lanean.
NAIARA VILLANUEVA: Ibilbide luzea du klubak, 1994an sortu baitzen. Beti egon izan gara Irunen, nahiz eta leku batetik bestera mugitu izan garen, gure beharren arabera. Gaur egun Artalekuko frontoian gaude, baina trinketea ere alokatu behar izaten dugu, ez garelako sartzen. Gure eragozpenik handiena altuerarena da, aparatuak jaurti egin behar direlako. Azken Portun saiatu ginen, adibidez, baina sabaian jotzen genuen.
Zenbat neska-mutil dituzue?
NEREA BADIOLA: 220 inguru. Mutil bat dugu, bederatzi urte ditu, eta oso gustura ari da. Gimnasta gehienak 16 urtetik gorako neskak dira, eta hori da, hain zuzen ere, inguruko klubek gehien baloratzen dutena. Hori ez da ohikoa beste elkarte askotan, neskek kirola alde batera uzten dutelako lehenago.
Guretzat oso atsegina da. Azkenean haurrak ondo pasatzera joaten dira, edo askotan, gurasoek bidalita. Adin nagusikoak direnak, berriz, benetan gustuko dutelako etortzen dira. Ikasketekin edo lanarekin uztartzen dute gimnasia, eta ahalegin handiak egiten dituzte entrenatzeko. Naiara adibide ona da, entrenatzaile izateaz gainera, gimnasta ere badelako oraindik.
Zergatik jarraitzen duzu gimnasia erritmikoan entrenatzen?
NAIARA VILLANUEVA: Estetikoki, kirol erakargarria da: maillotak, makillajea etab. Bestalde, ikaragarri gustatzen zait taldekako lehia. Urtetan zehar elkarrekin entrenatuta, sortzen diren harremanak oso-oso estuak dira. Gaur egun taldean dugun giroa eta batasuna izan ez banitu, beharbada, ez nuke entrenatzen jarraituko.
NEREA BADIOLA: Klubarentzat ere ona da, helduenak erreferente direlako haurrentzako. Debozioz ikusten dute lanean ari direla, eta aldi berean entrenatzen, edo epaile lanetan.
“Malgutasun handia behar da, baina indarra ere bai”
Nerea Badiola, entrenatzailea
“Kirolaz harago, bizitzarako baliagarriak izan daitezkeen irakaspenak ematen ditu gimnasia erritmikoak”
Naiara Villanueva, entrenatzailea eta gimnasta
Ahalegin handia eskatzen du gimnasia erritmikoak?
NEREA BADIOLA: Eskolarteko mailan, edo amateurretan, ez dituzte ordu asko sartzen. Federatuta daudenek askoz gehiago. Hala ere, egia da oso errepikakorrak direla entrenamenduak, ariketa berdina behin eta berriro egin behar delako. Gero, lehiaketan, egindako lan guztia bi minutuko ariketa batean dago jokoan. Kontzentrazio akats txiki batean, dena hankaz gora joan daiteke.
Nabarmenduko nuke, baita ere, fisikoki gogorra dela, lesio asko izaten direla. Malgutasun handia behar da, baina indarra ere bai.
NAIARA VILLANUEVA: Kirolaz harago, bizitzarako baliagarriak diren irakaspenak ematen ditu gimnasia erritmikoak: denbora antolatzea, esfortzurako gaitasuna… Gimnasia erritmikoan, Espainiako selekzioan dagoen jende askok medikuntza, ingeniaritza eta bestelako unibertsitate ikasketak egiten ari dira. Hori, beste kirol batzuetan, ez da horren ohikoa.