Arantza atera du Hondarribiak
Zarauzko Ikurriña irabazi du Hondarribia Arraun Elkarteak, historian lehen aldiz. Asteburu osoan agindu du Ama Guadalupekoak, bi jardunaldietan egin baitu denborarik onena. Beraz, bandera eskuratzeaz gainera, sailkapen nagusiko aldea handitu du. Hamasei puntuko errenta du Hondarribiak Urdaibairekiko. Denboraldi osoko abantailarik handiena.
Estropada gorabeheratsuak izan dira Zarauzkoak. Olatuek balizetan sortutako arazoen ondorioz, larunbateko estropada erlojuaren aurka jokatu behar izan zuten. Iganderako, ibilbidea laburtzea erabaki dute. Kolpe harrigarria eman zien larunbatean Hondarribiak aurkariei. Hemezortzi segundoko abantaila lortu zuen Urdaibairekiko. Lehia ia guztiz erabaki zuen horrela.
Errenta kudeatzearekin aski zuten berdeek igandean. Baina ez dira banderarekin konformatu. Bi jardunaldiak irabazteko ahalegina egin dute. Saria bikoitza izan da horrela, sailkapeneko abantaila handitu dutelako. Ilusio bereziarekin astindu dute hondarribiarrek Zarauzko Ikurriña. Elkartera eraman ahal izango dute azkenean.
Etxean irabazi dio Hondarribia Bk Castrori
KAE 2 ligako lehia estutu du Hondarribiko bigarren ontziak. Castro Urdialesen irabazi dute gazteek, etxeko ontzia mendean hartuta. Sailkapen nagusian, puntu bakarreko desabantaila du Hondarribia Bk Castrorekiko.