ANDER UGARTE, ADRIAN FERNANDEZ ETA VICTOR RODRIGUEZ IZANGO DIRA BIDASOAREN FITXAKETAK

2021/05/26
ANDER UGARTE, ADRIAN FERNANDEZ ETA VICTOR RODRIGUEZ IZANGO DIRA BIDASOAREN FITXAKETAK

Kolpez eta talde beretik, Recoletas Atletico Valladolidetik, datorren urteko denboraldirako behar dituen jokalariak fitxatuko ditu Bidasoak.

Datorren urtean jarraituko ez zuten jokalarien izenak denboraldian zehar iragarri ditu klubak; fitxaketekin, aldiz, pazientzia handiagoa izan du. Antxeta Irratiak eta Kiroletikek jakin dutenez, 2021-2022 denboraldiari begira, hiru fitxaketa egingo ditu Bidasoak  eta hirurak talde beretik fitxatuko ditu: Atletico Recoletas Valladolid taldetik. Hiru izen propio dira nabarmendu beharrekoak: Ander Ugarte, Adrian Fernandez eta Victor Rodriguez.

Guztoi ezagunagoa egingo zaigun izena Ander Ugarterena da. Irundarra jaiotzez eta Bidasoan hezitutako jokalaria da eta 31 urterekin bere sorterriko taldera itzuliko da. 2011-2012 denboraldia Asobal Ligan Antequerarekin egin zuen debuta, 2013-2014 denboraldian Bidasoara itzuli zen eta ordutik, beste hainbat taldetan aritutakoa da pibote irundarra. Bada Huesca eta Anaitasuna taldeetan jokatu ostean, azken denboraldian Atletico Recoletas Valladolid taldean aritu da.

Taldeko beste bi jokalarirekin batera etorriko da Ugarte Irunera. Victor Rodriguez eta Adrian Fernandez Bidasoaren lehen lerroa indartuko dute. Jokalari jaioak dira jaurtiketetan eta esperientzia handia dute Sacyr Asobal Ligan. Victor Rodriguezek 28 urte ditu, Teucron hezitutako jokalaria da eta 2016-2017 denboraldiaz geroztik, Atletico Recoletas Taldearen kamiseta defendatu du. Datu gisa, Aurtengo denboraldian, 52 gol egin ditu %53,6-ko efektibitatearekin. Adrian Fernandezek 26 urte ditu, zentral moduan jokatzen du eta Gijon Jovellanos eta Villa de Arandan jokatu eta gero, lau denboraldi igaro ditu ‘pucelako’ taldean. Aurtengo denboraldian gol kopuru ederra erdietsi du, 115 gol gauzatzeko gai izan da, %68,9 efektibitatearekin.

Momentuz eta albiste gehiago izan ezean, hiru jokalari horiekin eta kontratupean dauden jokalariekin osatuko du Bidasoak 2021-2022 denboraldiko plantila.

Nicolas Bonannok ez du jarraituko. 

Victor Rodriguezek Nicolas Bonanno argentinarraren postua beteko du. Nahiz eta defentsako lanean jokalari garrantzitsua bihurtu den, eraso lanetan ez du klubak beregan espero zuena bete. Ezker hegaletik, Jacobo Cuetararen zortziko eskemara ez da ondo moldatu  eta talde-dinamikan jarrai zezan, atzeko lanak bete behar izan ditu. Oraindik argi ez dagoen arren, eskubaloi munduko zurrumurruek diote Anaitasunarekin sina dezakeela, baina, momentuz, ez da egiaztatutako informazioa.