ANDER ELOSEGI, piraguista: “Adinak ematen duen lasaitasuna dudala uste dut”

2016/08/03
ANDER ELOSEGI, piraguista: “Adinak ematen duen lasaitasuna dudala uste dut”

Hirugarren aldiz ariko da Ander Elosegi irundarra Joko Olinpikoetan. Beijing 2008 eta Londres 2012ko esperientzien ondoren, palista helduagoa da, gaur egun. Laugarren izan zen aurreko bi edizioetan, eta domina izango du aurten helburu. Maila baduela, eta sasoian dagoela erakutsi du. Azken aukeran lortu du Rio de Janeirorako txartela, maiatzean, Eslovakiako Liptovski Mikulaseko Europako Txapelketan. Kolpea eta abisua eman zizkien, hala ere, aurkariei. Finalean sartuta plaza olinpikoa lortzeaz gainera, brontzezko domina jantzi baitzuen. Elosegik bakarka inoiz erdietsi duen emaitzarik onena da. Abuztuaren 7an ekingo dio, Rioko Joko Olinpikoetan, C1eko slalom probako lehiari. Finalerdia 8an izango da, eta finala 9an.

elosegi 3

Azken aukeran lortu zenuen Joko Olinpikoetarako txartela. Nola kudeatu zenuen presioa aurreko hilabeteetan?

Ez zen erraza izan. Iazko Munduko Txapelketan ez nuen plaza lortu, eta banekien aukera bakarra geratzen zitzaidala, maiatzeko Europako Txapelketakoa. Entrenamenduei dagokienez ez nuen aldaketarik egin, berdin jarraitu nuen, baina kontziente nintzen karta bakarra nuela jokatzeko. Dena den, orokorrean nahiko lasai ibili nintzen. Konbentzituta nengoen nire maila onena emanda, plaza olinpikoa lortuko nuela.

Europako Txapelketako finalean sartuta, plaza eskuratu zenuen. Baina brontzezko domina ere lortu zenuen. Poza bikoitza, beraz.

Bai, noski. Egia esan, Europako Txapelketan Riorako txartela lortzea nuen helburu, besterik ez. Baina nire burua ondo ikusi nuen, finalean sartzeak konfiantza eman zidan, eta jaitsiera ona egin nuen finalean. Egun perfektua izan zen. Oso gustura nago orduan emandako mailarekin.

Erakutsi dut dominetarako lehian egoteko aukerak ditudala”

Hirugarren postuak frogatzen du onenen parean zaudela momentu honetan. Europako Txapelketan izan zenituen arerioak edukiko dituzu aurrean Joko Olinpikoetan.

Hala da. Slalom-ean Europan dago mailarik onena, gaur egun. Horregatik, konfiantza aldetik oso inportantea izan da niretzat. Erakutsi dut dominetarako lehian egoteko aukerak ditudala. Goi mailako lehiaketetan, bakoitzak bere buruarengan duen konfiantza oso garrantzitsua izaten da, errendimendurik onena eman ahal izateko. Nik, zentzu horretan, aurrera pausoa eman dut.

Rioko kanalean egon zara dagoeneko. Zein itxura hartu diozu?

Kanala nahiko ondo ezagutzen dut dagoeneko. Kanpotik ikusita ematen du ez daukala indar handirik, eta ur mugimenduak menderatzea ez dela zaila izango. Baina bertan entrenatuta laster ikusten da ez dela horrela. Ur emari handirik ez duen arren, mugimendu arraro samarrak egiten ditu. Nahiko kanal berezia da. Nik uste dut ondo egokitu naizela, gustatzen zait. Zaila da piraguari abiadura handia ematea, eta uste dut ezaugarri hori komeni zaidala. Iruditzen zait lehiaketa oso interesgarria izango dela, bai guretzat, baita ikusleentzat ere.

Nola antolatu duzu prestaketa, abuztura sasoi betean iristeko?

Egia esan, Joko Olinpikoen urtea izanagatik ere, ez dut gauza arrarorik egin. Denboraldi normala izan da. Neguan kanpora joan ginen entrenatzera, klima beroagoetara. Arabiar Emirerrietan egon ginen entrenatzen. Bestalde, Rioko kanalean izan naiz, hiru aldiz, oso garrantzitsua baita lehiatu aurretik bertan entrenatu ahal izatea.

“Lasaitasuna eta konfiantza beharrezkoak dira %100ean lehiatzeko”

Zer ikasi duzu Joko Olinpikoetako aurreko esperientzietan?

Bi aldiz egon naiz aurretik, badut eskarmentua, eta puntu estra bat da hori. Orain, adinak ematen duen lasaitasuna dudala uste dut, tamaina horretako lehiaketa bati aurre egiteko beharrezkoa dena. Arlo fisikoan eta mentalean ondo nago, baina lasaitasun eta konfiantza horiek ere beharrezkoak dira %100ean lehiatzeko.

Slalom-ean zaila da, hala ere, hitzordu erabakigarrian dena ondo ateratzea. Parametro asko dira kontuan hartu beharrekoak.

Bai, zaila izaten da. Azkenean, akatsak egitea erraza da, baina gogotik ordaintzen dira. Horregatik, sasoian iristea garrantzitsua bada ere, arlo mentalean ondo prestatua egotea erabakigarria izan daiteke. Jaitsieretan oso kontzentratuta egon beharra dago. Lehiaketa parekatua aurreikusten dut, oso polita ikusteko. Nik gogo ikaragarria dut abuztuaren 7a iristeko. Lana egina dago, eta dena ematea tokatzen da orain.

Zika birusa dela eta, zalaparta sortu da. Zuk ez duzu kezkatzeko arrazoirik ikusi?

Gauza da Brasilen egon naizela, eta ez dudala halako egoera larririk ikusi. Egia da ez dela txantxetako kontua, baina nik uste dut ohiko segurtasun neurriak hartuta, ez dela arazorik egongo.