“AMOREBIETAK TAKTIKOKI GAUZA EZBERDINAK EGITERA BEHARTZEN ZAITU”

2021/02/26
“AMOREBIETAK TAKTIKOKI GAUZA EZBERDINAK EGITERA BEHARTZEN ZAITU”

Aurreko asteko neurketarekin aldertatuta, desberdina bezain  garrantzitsua izango da Amorebietaren aurkako lehia.

Neurketaz neurketa eta jardunaldiz jardunaldi, Real Unionek jokatuko dituen neurketak finalak bilakatzen ari dira. Batik bat, azken bi asteetan Erreala jaso eta, bihar, Amorebieta izango duelako arerio. Bigarren neurketa jarraian izango da Real Unionek Stadium Galen jokatuko duena, bigarren astez jarraian sailkapenean atzetik duen taldearen aurka. Horregatik, Stadium Galen erreskan bi neurketa irabaztea oso zaila dela azpimarratu nahi izan du Aitor Zulaikak: “edozein mailatan etxean bi garaipen erdiestea zaila da eta are gehiago, aurtengo 2.B mailako berdintasuna kontuan badugu”.

Batzuentzat, sorpresazkoa izan da Amorebietak lortutako maila eta puntuak; Zulaikak, aldiz, argi du ez dela kasualitatea izan. Entrenatzaile azpeitiarrak dioenez, “talde bezala, hiru urte daramatza kirol-estruktura, teknikari, sistema eta jokalari berdintsuenekin eta hiru urte hauetan jokatu dituzten neurketa guztiak lehiatu dituzte”. Gainera, Amorebietak urte honetan goranzko joera erakutsi duela baieztatu du: “lehen denboraldietan ez zuten hainbesteko presioa egiten eta atzerago mantentzen ziren zelaian; denboraldi honetan, ostera, konfiantza hartu eta zelaian aurrera egin dute”.

Talde bizkaitarrak erabiltzen duen sistemarengatik (1-3-5-2 edota 1-5-3-2) eta duen jokatzeko erarengatik, Amorebietak “taktikoki gauza desberdinak egitera behartzen duen” taldea dela aipatu du Zulaikak. “Baloiaren zirkulazio azkarra eragozten saiatzen dira eta aurrelariek atzeko lerroa luzatzen dute, faktoren horiek ez dira hain ohikoak eta asko baldintzatzen dute neurketaren erritmoa”.

8 jokalari finko eta beste hiru erabakitzeke. 

Real Unioni dagokionez, Zulaikak “ondo” ikusten du taldea. Min hartuta zeuden hainbat jokalari gaur frogatuko dute larunbaterako prest dauden ala ez. Hala ere, teknikari azpeitiarrak ohiko hasierako hamaikakoan ez daudenen eguneroko lana goraipatu nahi izan du: “teorikoki ordezkoak diren jokalariak erantzuten jakin dute tokatu zaien unean. Aurrekoan, Mikel Azkoitik sekulako neurketa jokatu zuen eskuin hegalean eta Riverak ere ondo baliatu zituen jokatutako minutuak”.

Biharko neurketarako zelairatuko duen hamaikako ziurtatuta ez duela jakitera eman du, “zortzi jokalari erabakita ditut, baina hasierako hamaikakoa osatzeko hiru geratzen zaizkit oraindik”. Nolabait, zalantza horiek entrenatzaileentzat “onak” direla aitortu du Zulaikak; izan ere, “zalantzak izatea jokalariak sasoian daudenaren seinale” dela adierazi du.