Amaiera tristea izan du Real Unionen denboraldiak
Taldeak ez du igoera faserako txartela lortu, eta Eneko Romo kapitainak futbola utzi du
Epaileak txistua jo zuenean, burumakur geratu ziren Real Unioneko jokalariak, Stadium Galeko berdegunean. Zale asko eta asko purrustaka atera ziren, taldeak azken jardunaldietan emandako itxura pattalak amorratuta. Ez ziren jokalariak agurtzera geratu, eta ez ziren konturatu Eneko Romo zelaiaren izkin batera hurbildu zela, harmailan zeuden senideen eta lagunen babesa eskertzera. Oharkabean pasa zen kapitain handiaren agurra. Ondoren, lagunartean jaso zuen omenaldi xumea.
Lau puntu gehiago eskuratuta, play off-erako txartela lortuko zukeen Real Unionek. Garaipen bakarra erdietsi du, ordea, azken bederatzi jardunaldietan. Ia denboraldi osoan zehar play off postuetan ibili ondoren, gainbehera itzela bizi izan du taldeak, eta pentsaezina zirudiena gertatu zaio. Min hartutako jokalarien hutsunea eta partida gehien jokatu dituztenen nekea nabaritu ditu taldeak, eta azkenean, saririk gabe geratu da. Hausnarketa zabalago baten beharra azpimarratu du, hala ere, Aitor Zulaika entrenatzaileak: “Badakigu jasandako lesioak arrazoietako bat direla. Baina horretan bakarrik oinarrituko bagina, oker ariko ginateke. Hori aztertu beharra dago, baina beste aspektu batzuk ere bai”.
Bosgarren tokian amaitu du liga Real Unionek. Aurreko urtean bezala, 60 puntu bildu ditu, guztira. Eta iaz bezala, baita ere, taldeak azken jardunaldietan beherakada “handia” jasan duela onartu du Zulaikak. Gertatutakoaren analisi sakona egingo dutela baieztatu du entrenatzaileak, eta horretarako, kluba eta taldea osatzen duten arlo guztiak kontuan hartuko dituztela. “Gero ondorioak atera eta erabakiak hartuko ditugu”, azaldu du Zulaikak. Ezusterik ez bada, azpeitiarrak jarraituko du aulkian. 2016/2017 denboraldiko taldea osatuko duten jokalarien zerrenda osatzea izango da hartu beharreko erabakietako bat. Urtero bezala, jokalari batzuk taldetik irten eta beste batzuk helduko dira. Galera handi bat izango du, baina, Real Unionek, eta ez futbol zelaian bakarrik. Eneko Romo kapitainak futbola utzi baitu. Leioaren aurkakoa izan zen iruindarraren azken partida.
Kapitainaren agurra
Inor gutxik zuen Eneko Romoren erabakiaren berri. Galeko harmaila nagusiaren eskuin aldeko zaleen artean, ordea, susmoa zabaldu zen, Leioaren kontrako azken partidan zehar. Jokalari nafarrak defendatu izandako talde guztietako kamisetak zeramatzan lagun eta senide multzoa zegoen izkin batean, pankarta handi baten atzean. Atsedenaldiaren ondoren, Romo berotzen hasi zenean, txalo zaparrada eta animoak jaso zituen. 56.minutuan Eneko Eizmendi ordezkatzeko berdegunera irten zenean ere, berdin. Neurketaren amaieran, zale zorrotzenek txistuka agurtu zuten taldea, eta haserre hartu zuten etxerako bidea. Beste batzuk, jokalariek denboraldian zehar egindako lana txaloz aitortzeko geratu ziren. Baina gutxi batzuk besterik ez ziren izan Eneko Romori agurra eman ziotenak.
Une hunkigarriak bizi izan zituen, hala ere, jokalari iruindarrak, senideak eta lagunak futbol zelaira jaitsi zirenean. Besarkadak banatu zituen, eta argazkiak atera zituen ondoren. Baita aurtengo taldekideekin ere. Aldagelatik pasa ondoren, Stadium Gal jada hutsik zegoela, omenaldi xumea jaso zuen lagunartean. Txapela, taldekideek sinatutako kamiseta, eta beste zenbait opari jaso zituen. Bertaratutakoek abestutako bertsoarekin malkoei eutsi behar izan zien, ondoren. “Oso gertuko jendea etorri da, eta hunkituta nago”, onartu zuen. Azken urtea izango zuela jakinda, aurten “gozatu” egin duela baieztatu zuen Romok. Arrazoiak ere argitu zituen: “Prozesu bat izan da. Lesioak eta minak izan dira erabakia hartzera bultzatu nautenak. Gorputzak eskatzen zidan zerbait da”.
“Lesioak eta minak izan dira erabakia hartzera bultzatu nautenak”
“Real Union txapeldun handia izan da, eta jende askok garai onenetako jokalariekin konparatzen gaitu. Izugarria da hori niretzat”
Eneko Romo
Hogei urte baino gehiago egin ditu Eneko Romok futbolean, Pamplona, Athletic, Alaves, Eibar, Rayo Vallecano, Lleida, Peña Sport eta Real Union taldeetan. 2007an iritsi zen Irunera, eta zortzi denboraldi egin ditu Galen. Tartean, urte betez aritu behar izan zuen Tafallan. “Urte asko eman ditut Irunen, bizipen ederrak izan dira”, gogoratu du nafarrak. Talde txuribeltzaren aro modernoko urterik onenak bizi izan zituen, eta Santiago Bernabeun Real Madril Errege Kopatik kanpo uzteko balio izan zuen burukada elkartearen historiako mugarrietako bat da jada. “Real Union txapeldun handia izan da, eta jende askok garai onenetako jokalariekin konparatzen gaitu. Izugarria da hori niretzat”, aitortu du. Kapitaina eta taldean ardura izan duen jokalaria izan da Romo azken urteotan. “Garai gogorrak dira klubarentzat, eta jokalariek zelaitik laguntza handia eman dezakegula uste dut”, adierazi du nafarrak. Eredu izango da Eneko Romo, ondoren datozenentzat. Orain, 37 urte dituela, futbola uztea erabaki du.
Udako campus-ean izena eman daiteke
8 eta 14 urte arteko haurrei zuzendutako campus-a antolatu du Real Unionek uztailerako. Guztira hamazazpi edizio izan ditu udako futbol eskolak, formatu ezberdinetan. Gaur egun, futbola eta bestelako jarduerak uztartzen dituzte. Besteak beste, lau irteera egingo dituzte. “Ur jarduera asko egongo dira, eguraldia lagun baldin badugu, behintzat”, argitu du Richard Tenreiro Real Union Bko jokalari eta campus-eko monitoreak.
9:00etatik 13:00era egingo dituzte jarduerak, astelehenetik ostiralera. Nahi duten gurasoek 8:30etan eraman ahal izango dituzte haurrak, eta 13:30etan jaso. Aste bakarreko matrikulak 80 euro balio du. Deskontuak eskainiko dituzte, hala ere, aste baterako baino gehiagorako izena ematen dutenentzat, bazkideentzat, anai-arrebentzat edo urtean zehar klubeko futbol eskolan parte hartu dutenentzat. Stadium Galeko bulegoetan izena eman daiteke, edo 943 620103 telefono zenbakira deituta, bestela.