Amaiera gazi-gozoa izan du ametsak

2019/01/02
Amaiera gazi-gozoa izan du ametsak

Txirrindularitza profesionala utzi du Juanma Garatek

Hamabost urteko ibilbidearen ondoren, txirrindularitza profesionala uztea erabaki du Juanma Garatek. Beste urtebete egin nahi zuen irundarrak tropelean, baina ezin izan du agurra errepidean eskaini. Belkin taldearekin 2013az geroztik daukan lan auziak akitu egin du, bere indarra eta iraunkortasuna gainditu ditu. Hala ere, bizikleta zintzilikatzeko erabakia ondo hausnartu duela baieztatu du. Hogeita hemezortzi urterekin hartu du erretiroa txirrindulari irundarrak.

Hunkituta agurtu zituen komunikabideak Juanma Garatek, abenduaren 22an, Donostian. Alkandorak ordezkatu zuen maillota, eta mikrofono eta kameren aurrean erakutsi behar izan zuen trebetasuna. Ipuin moduan kontatu zuen nola hasi zen txikitan ogitartekoak prestatzen, eta bizikleta garbitzen, San Migel auzotik Jaizkibelera igo eta Donostiako Klasikoa ikusteko. “Noizbait txirrindulari haietako bat izatea zen gure ametsa”, gogoratu zuen Garatek. 1999ko urrian errealitate bilakatu zen, tropel profesionalean debuta egin zuenean.

Baina ipuinak ez du amaiera atsegina izan. Belkin taldearekin izandako gatazkaren ondorioz, lehiatu gabe egin du azken urtea Juanma Garatek. 2013ko urrian taldeak kontratua aurkeztu zionean, aldez aurretik adostutakoa errespetatu ez zuela salatu zuen txirrindulariak. Epaitegietara ere eraman zuen auzia, bere eskubideak defendatzeko asmoz. “Ez dut damurik. Banekien zer izango nuen aurrean, eta argi neukan luze joko zuela. Atzerrian aritu garen txirrindulari askoren egoera salatu dut, eta merezi izan du”, azaldu du. Ordainean, hamalau hilabete eman ditu tropeletik kanpo.


Egoera gogorra izan da txirrindulari irundarrarentzat, eta bere familiarentzat. Psikologoen laguntza ere behar izan du aurrera egiteko. “Momentu zailak bizi izan ditut bizitzan, baina hau gehiegizkoa izan da”. Txirrindulariaren eta taldearen arteko lan gatazka ez da amaitu, baina pisu txikiagoa dauka orain Garateren bizitzan. Erretiroa hartzearen erabakiak arindu egin du, hein batean, bere egonezina. Dena den, Belkinekin duen auzia ez da hautuaren arrazoi bakarra izan: “Kirolariok sentitzen dugu amaiera hurbil dagoela. Aurten ez baldin bazen, datorren urtean iritsiko zen”.


Iragana gogoratu, etorkizunari heltzeko
Ibilbide profesionaleko momentu esanguratsuenen argazkiak atzean zituela gogoratu zituen Juanma Garatek haietako batzuk. Irabazle baino gehiago, langile eta laguntzaile izan da irundarra tropelean. Hala ere, azpimarratzeko moduko garaipen zerrenda osatu du. Txirrindularitzaren historian lekutxoa dauka, hiru itzuli handietan etapak irabazi ondoren. 2009ko Frantziako Tourrean Mont Ventoux mitikoan Tony Martin menderatuta lortu zuen garaipena gogoratzen du bereziki: “Esanguratsuena da, zalantzarik gabe. Maila horretako garaipen batek txirrindulari baten karrera osoa markatzen du”.

Hala ere, Italiako Giroa izan da Garateren lasterketa kuttunena. Lampre talde italiarrean hasi zuen ibilbide profesionala. Giroko podiumera igotzen ahalegindu zen hasieran, eta hurbil izan zuen, gainera. Laugarren izan zen 2002an. Lau urte geroago, San Pellegrinoko etapa irabaztea lortu zuen. Garatek tropelean izan duen tokia aldatu egin da urteen poderioz. “Nire mugak zeintzuk ziren argi izan dut beti”. Azken urteotan bere esperien-tzia gazteenei transmititzea izan da Juanma Garateren betekizun nagusietako bat. Bizikleta utzi ondoren ere, eskarmentu hori hurrengo belaunaldien mesedetan erabili nahi luke. Prest dago txirrindularitzarekin lotuta jarraitzeko.

*Irunero aldizkarian argitaratutako erreportajea.