Amaiera borobila eman dio Hondarribiak uztailari

2016/08/01
Amaiera borobila eman dio Hondarribiak uztailari

Hondarribia Arraun Elkartea izan da nagusi TKE-San Miguel Ligaren lehen erdian. Hamaikatik zortzi bandera eskuratu ditu, eta sailkapeneko lehena da. Gertu du Urdaibai, hala ere, lau puntu gutxiagorekin. Bermeoko taldea da berdeen erritmoari eutsi ahal izan dion bakarra. Gainerako traineru guztiak baino maila bat gorago daude lehenengo biak.

Uztaileko azken asteburua bikaina izan da Hondarribiarentzat. Jokoan egon diren bi estropadak irabazi ditu, Pasaiako portuko eremu berezian larunbatean, eta Zumaian, itsaso zabalean, igandean. Lehia estu samarra izan du bietan Bou Bizkaiarekin, baina Ama Guadalupekoa izan da garaile. Nabarmentzekoa da zazpi aldaketa egin dituela Mikel Orbañanos entrenatzaileak eskifaian, larunbatetik igandera. Datorren asteburuan etena izango du San Miguel Ligak, Espainiako Txapelketa egongo baita jokoan, Castro-Urdialesen.