AMAIAK ETA MAITEK ETA NEREAK ETA LAURAK IRABAZI DUTE FINALERDIRAKO TXARTELA
Maiatzaren 27an izan zen VIII. Emakume Pala Txapelketako bigarren jardunaldia Soroeta frontoian
Emeki Emakume Elkarteak antolatutako VIII. Emakume Pala Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zuten Soroetan pasa den larunbat goizean. Bi partidak irabazita, Nerea Urizar Urrutia eta Laura Terrados Perez bikotea pasa da finalerdietara, baita Amaia Urkitza Azueta eta Maite Mariezkurrena Miranda ere, partida bat irabazi eta bertzea galduta.
Soroetan eman zioten hasiera aurtengo Emakume Pala Txapelketako bigarren jardunaldiari. Lehen partidan, Agurtzane Berastegi Aizpurua eta Irati Juanikorena Lakar bikotea Amaia Urkitza Azueta eta Maite Mariezkurrena Miranda bikotearen kontra aritu zen. Bigarrenak 9-15ko markagailuarekin irabazi zuen neurketa.
Bigarren partidan berriz, Agurtzane eta Irati, Nerea Urizar Urrutiaren eta Laura Terrados Perezen kontra aritu ziren eta bertze porrot bat jaso zuten, bigarren bikoteak 7-15ko markagailuarekin irabazi baitzuen. Azkenik, Amaia eta Maite eta Nerea eta Laura aritu ziren aurrez aurre. Hemen ere bigarren bikotea gailendu zen.
Emaitza hauekin beraz, bi partidak irabazita, Nerea eta Laura pasatu dira finalera. Partida bat irabazita eta bertzea galduta berriz, Amaia eta Maite ere sailkatu ziren ekainaren 3an ospatuko den finalerdirako. Lehen jardunalditik, Aloñak eta Maitek eta Itsasok eta Maiderrek lortu zuten finalerdietarako txartela. Egun berean ere, finala jokatu da. Partida guzti hauek Jostaldi pilotalekuan ospatuko dira, 11:00etatik aitzinera.