AMAIA CENDOYAK ETA ION MUGIKAK IRABAZI ZUTEN SAN MARTZIAL TORNEOA

2023/05/04
AMAIA CENDOYAK ETA ION MUGIKAK IRABAZI ZUTEN SAN MARTZIAL TORNEOA

Cendoyaren gibeletik, Ane Hernandez eta June Ilzarbe sailkatu ziren

San Martzial Torneoa ospatu zen pasa den asteburuan eta bertan, Amaia Cendoya eta Ion Mugika Bidasoa XXIeko igerilariak nagusitu ziren absolutu mailako 400 metro libretan eta 100 metro bizkarrez kategorietan, hurrenez hurren. Amaia Cendoyaren gibeletik, Ane Hernandez eta June Ilzarbe sailkatu ziren.

Garaipen hauez gain, junior mailan, Juncal Cuñado eta Asier Iguiñiz nagusitu ziren. Maila honetako podiumak, gainera, Bidasoa XXIeko igerilariek osatu zuten. Cuñadoren gibeletik, Lide Larrea eta Libe Galzacorta sailkatu ziren. Iguiñizen ondotik berriz, Jon Goñez eta Iñigo Gil. Infantil mailan azkenik, Paula Calvok eta Mattin Zubeldiak irabazi zuten. Azken honen podiumean, hirugarren koskan, Ibai Isasa egon zen.

Markei begirada botata, Klubeko Errekorra azpimarratu nahi izan dute Bidasoa XXIetik, 50 metroko bizkarkako kategorian. Errekorra Reka Kocsisek egin zuen, 31.69ko denborarekin. Honez gain, minimo nazional batzuk ere lortu zituzten igerilariek. Kocsisek 50 eta 200 metro bizkarreko minimoa lortu zuen eta Maialen Fernandezek ere 400 metro librean lehen aldiz minimoa eskuratu zuen.